ARTEA

Argazkilaritzaren inguruko jaialdia, “Argi Festibala” Oñatin

Argi Festibala apirilaren 5ean abiatu eta maiatzaren erdialdera arte luzatuko da. Aurtengoa laugarren edizioa da. Argiren filosofia argazkilaritza Oñatira eta Euskal Herrira hurbiltzea izan da, baita Oñati, Arantzazu eta euskal argazkilaritza estatuko argazkigintzan eta, zergatik ez, nazioartean ere kokatzea.

Urtetik urtera jaialdiko programazioa hazi egin da eta edizio honetan bi berrikuntza handi daude. Batetik, Gabriela Cendoya-Bergareche argazkilariaren argazki-bildumaren zati bat ekarriko du jaialdiak, publiko guztiek gozatu ahal izateko. Eta bestetik, Arantzazun, Argi Arantzazu erakusketari lotuta, egoitza artistikoa egin da.

Apirilaren 5etik maiatzaren 5era ikusgai izango dira makina bat erakusketa, guztiak ere argazkilari euskaldunek egindakoak. Horrela deskribatu dituzte erakusketak: “Xabier Atxak (Arrasate), lehen aldiz, GU proiektua aurkeztuko du, Berdura Plazako paretak erabiliz; Aitziber Orkolagak (Donostia) harritu egingo gaitu Plaketak izeneko lanarekin, paisaia eta memoria uztartuko ditu alderantzikatutako argazkigintzaren ikuspegitik. Mendi Urruzunok (Orereta), Barrubaso-n, teknika eta formatuak konbinatuz bere aitaren gaixotasuna lantzen du, barru- barrukoa den unibertso poetiko batera hurbiltzeko; Nagore Legarreta (Hernani) Oñatira itzuliko da Ibaia ez da toki bat: Odra ibaiarena den ikuspegia emateko; Oñatin bizi diren errefuxiatu talde batek Beste begirada bat emango digute. Lan honen bidez, Oñatiko herria beraien begien bidez ikusi ahal izango dugu; Herriko erakusleihoetan Argizaiola lehiaketako argazki saridunak ikusteko aukera izango dugu, eta Horrez gain, jarduera paraleloak egingo dira argazki-kultura sustatzeko.”

Ekitaldi guztien gaineko informazioa: Argi Festibala.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button