BESTELAKOAK

Argazki ibilbideak Bilbo literariotik

Irailaren 16tik abenduaren 23ra (astelehenero) Argazki ibilbideak Bilbo literariotik izeneko tailerra burutuko da Bilboko Foru Liburutegian, Txelu Angoitia argazkilariaren zuzendaritzapean. Izena irailaren 3tik 13ra bitartean eman ahalko da.

Jarduera honetan “argazki proiektu bat garatuko da, hainbat literatura generotako pasarteen irakurketan oinarrituta, horietan guztietan Bilbo gertalekua izanik. Helburua, testuek eta horietan deskribatzen diren lekuek iradokitzen dituzten zirrarak edo sentimenak argazkien bitartez birsortzea da”.  Era berean, Bilbo erdigune duen idatzizko literatura ezagutuko da, eta literatura hizkuntzaren eta argazki hizkuntzaren arteko desberdintasunak eta elkar osatzen duten alderdiak arakatuko dira.

Tailerrak zati teorikoa eta zati praktikoa izango ditu. Hasteko, hautatutako testuak banatuko dira, eta lanak garatzeko oinarritzat erabiliko dira. Lehenengo eskoletan, “ikasleek testuak irakurri eta gero, taldeko bisitak egingo dira testu horietan aipatzen diren lekuetara, landu beharreko testua aukeratzeko. Literaturaren eta argazkigintzaren arteko lotura eta biak elkartuko dituen proiektu bat sortzeko moduak izango dira ikasgai.”

Txelu Angoitia (Durango, 1960) argazkigintza eta bideoa Londonen ikasi ondoren, Magnum agentziaren argazkilariekin tailerretan hezi zen. Kazetaritza grafikoan, publizitatean eta proiektu solidarioetan jardun du. Dokumentalak ere egin ditu. Duela 15 urtetik argazkigintzaren gaineko tailer eta ikastaroak irakasten ditu. Erakusketa ugari prestatu edo komisariatu ditu, eta baita hainbat liburutako edizioa koordinatu ere.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button