Nontzeberri

“Argazki Bilera”, Zarautzeko Photomuseum aretoan

Zarautzeko Photomuseumek 2019ko Argazki Bilera abiaraziko du egunotan, eta horren ondorioz, ekainera bitartean hainbat erakusketa onduko dira Zarautzeko areto ezberdinetan. Aurrekoetan bezala, erakusketek hainbat genero fotografiko (publizitatea, erreportajea, argazkilaritza artistikoa eta natura-argazkigintza) lantzen dituzte. Horrek guztiak helburu nagusi bat du: argazkigintzak eskaintzen dituen aukera zabalak ikusleei hurbiltzea.

Photomuseum aretoan bertan, Cano Erhardt argazkilariaren Naturako Mirariak izeneko erakusketa ikusgarria paratuko dute ekainaren 2ra arte. Oso ederrak diren irudiei buruzko hausnarketa egin du artistak berak: “Mugatutako mundua da. Izkina guztietara iritsi gara, are eta gehiago, erraztasunez heltzen gara. Horrela, oso urrutiko natura topatzera joaten gara gutako asko eta asko, eta kontsumo objektu bihurtzen dugu. Ez dago jada espazio birjinik, ezta norberarekin egoteko edo ezkutatzeko lekurik ere. Gehiegizko populazioaren eta aurrerabide teknologikoaren efektu garrantzitsua da berau. Argazkigintzak zatikatutako izaera duelako, oraindik paisaia aratz eta amaigabeak erakuts ditzake. Baina trikimailu hutsa da, iruzurra. Hizkuntza fotografikoa trebea da errealitatea hitzemateko eta fikzioa edo, gezurra emateko. Helburu horretarako enkoadratzea aproposa da oso, argazkigintzaren elementu oinarrizkoa eta horretarako erreminta erabat eraginkorra da. Proiektu hau naturaren edertasunari buruzko laudorioa da eta, era berean, bere esentziaren galerei eginiko elegia”.

Beste erakusketak honakoak dituzue: Sanz Enea  aretoan Agrupació Fotogràfica de Reus taldearen  Ondarea Berreskuratzen izeneko erakusketa; Zazpi galerian Pedro Zarrabeitiaren Oroituz; eta Torre Luzea aretoan  Eastman Kodak Company-ren Kodak Iragarkiak izeneko erakusketa.

Exit mobile version