ESZENA

Araia-Asparrenan, Umore Antzerkiaren Jaialdia

Bigarren urtez, Sorberrien Programa Araian garatuko da uztailean, Umore Antzerkiaren Jaialdirako gosegarri moduan. Aste honetan bertan izango da, uztailaren 27tik 29era, hiru antzezlanaren bidez. Tranpola (Verónica, ella y yo), Katastrofen! (Neopreno) eta Hara Nori (Jainko bat) dira proiektuan parte hartuko duten taldeak, berriro ere Andra Mari Aretoan.

Oholtzara igoko diren lehenak, Tranpola konpainiaren kideak izango dira. Konpainia 2013an sortu zen eta estreinatu duten azken lana, Verónica, ella y yo, izango da Araiara eramango dutena. “Geratu zirenak eta nahi baina joan ez zirenak etxe honetan bizi dira. Gelaren batean, isiltasuna. Bihotz apal bat baino ez da agertuko gelditasun hori apurtzeko eta, jakin gabe, denboran gelditutako buruhauste batean parte hartuko du”. Errealitatea eta fikzioaren arteko jokoa da, ikuslea airean mantenduko duena.

Katastrofen! konpainiaren kideak Leire Olaran eta Jone Garcia dira. Hainbat eskenatokitan zabaldutako haien azken lana, Neopreno, Andra Mari Aretoan izango da larunbatean 20:00etan. Konpainiak dioen bezala, Neopreno ez da istorio bat, baizik eta egoera bat. “Beti beste leku batean egoteko nahia. Desira izatea eta ez izatea. Gauza bat eta kontrakoa nahi dugun argi ez edukitzea. Geure burua kontrolpean izatea eta, aldi berean, eztanda egitear”.

Sorberrien Programa ixteko, igandean, Hara Nori konpainiaren Jainko bat ikuskizuna ondu dute antolatzaileek. Koreografikoa, eskultorikoa, arkitektonikoa, poetikoa, plastikoa… Marina Suarez eta Patxi Suinaga dira protagonistak euskarazko lan poliedriko honetan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button