ESZENA

Erresilientzia, ahalduntzea eta askatasuna

Dantzaren XVII. Zirkuituak programazio bikoitza aurkeztuko du Bizkaian egunotan. Hilaren 26an, Zornotzan Hiru Hitzetan izeneko koreografia oholtzaratuko da Nerea Gurrutxaga & Oihana Vesga, Amaia Elizaran & Xabier Zeberio eta Node konpainien eskutik. Ostiral horretan ere beste hitzordu bat egongo da Galdakaon, Zero en conducta konpainiak Eh man hé ikuskizuna eskainiko baitu.

Hiru Hitzetan Euskal Herriko hiru konpainiaren hiru piezaz osatuta dago, bakoitza 20 minutukoa, gutxi gorabehera. Erresilientziaren, ahalduntzearen eta askatasunaren artean bizi diren hiru emakumeren istorio elkartzen diren amankomuneko espazioa da.

Piezak honakoak dituzue: Emakumeak (Node), bi emakume eszenan, irmo eta ausartak. Bidaia inposatu eta bortxatu bat egitera behartuak, baina elkarrekin, askatasunean amaiera bat lortzen dute; OUT (Amaia Elizaran & Xabier Zeberio) Askatasunak bere bidea bilatzen du eta larritasuna desagertzen da. Aireak birikak betetzen ditu; Leiho zikin, zeru garbi  (Nerea Gurrutxaga & Oihana Vesga) Espazio fisiko eta testuinguru konkretuek gorputzean eta genero jarreran duten eragina aztertzen da lan horretan. Mugimenduaren eta ahotsaren lanketatik emakumearen espazioa erreklamatzeak zertan datzan hausnartzeko saiakera bat da.

Beste aldetik, Eh man hé lan ikusteko parada egongo da. “Garai batean, cheyenneek Eh man hé deitzen zieten espiritu bat baino gehiago dituzten pertsonei. Eh man hé baten eta haren bost espirituen istorioa da hau. Dantzariek, aktore fisikoek eta txotxongilolariek Nolan gure protagonista hezurmamitzen dute: haren gorputza, emozioak eta irudimena. Nolanek, txotxongilo bat den aldetik, zera galdetzen dio bere buruari: zer da mugitzen nauena?”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button