BERTSOTAN

Arabako Kuadrillarteko Lehenengo Bertso Txapelketa hasita dago

Etxeko taldeak, Aramaiok, prestatutako afari goxoa jan ostean, Bertso Sorta Kolektiboen lehiaketarekin hasi zen gaua.
Lehiaketa hau taldekako bat-bateko bertso txapelketa honekin paraleloan ospatzen da. Hemen saio ezberdinetan talde ezberdinak idatzizko bertsoak kantatzen dituzte eta irabazlea zuzenean finalerdietara pasatuko da.

Saio honetan Izarra eta Aramaio aritu ziren lehian, bat-batekoan bezala. Aramaioren kasuan, gorriz jantzita, trikitixa, panderoa eta kajoiaren soinuarekin lagunduta 15 lagun aritu ziren kantuan. Izarrako taldean, beltzez jantzita, 3 lagun aritu ziren ederto asko bere herriaren berri ematen. Azkenean Aramaio taldeak lortu zuen lehiaketa honetako finalerdietarako pasea.
Ondoren bat-bateko saioa hasi zen. Etxeko taldean Manex Agirre, Andere Arriolabengoa, Iker Agirre eta Xabier Igoa aritu ziren kantuan, eta Idoia Beitia gai jartzen. Kanpoko taldean, Izarra, Zigor Enbeita, Alberto Martinez Betto eta Unai Gomez aritu ziren bertsotan.
Bat-bateko saioa nahiko azkarra eta alaia izan zen. Ale politak entzun ahal izan ziren bi taldeen aldetik eta bertsozaleak gustura ikusi ziren.

Orain, liga hasita Elosu taldea sartuko da jokoan eta bai Izarra eta baita Aramaio, beraren kontra lehiatuko dira nor baino nor. Ligako bere saio biak irabazten dituena pasatuko da finalerdietara, Aiara-Lautada-Errioxa eta Gasteiz ligetako irabazleekin finaleko txartela lortzeko lehiara, eta talde bakoitzak bana irabaziz gero, bi saioetako puntuazioak gehituta puntu gehien eskuratu dituena.

Arabako Bertsozale Elkarteak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button