LITERATURA

Makina bat proposamen literario entzungai eta irakurgai Booktegi plataforman

Aste honetan hainbat ipuin eta liburu entzungai eta irakurgai dituzue Booktegi plataforman. Alde batetik  Iñigo Aranbarrik Jean Gionoren  Zuhaitzak landatzen zituen gizona ipuinaren irakurraldia egin du. (Itzulpena Mikel Vilchesena da). “Gizaki bat benetan berezia dela esateko, beharrezkoa da haren jokabideari luzaroan erreparatzeko zoriona izatea. Denbora horretan berekoikeria zantzurik aurkitzen ez badiogu eta parerik gabeko eskuzabaltasuna nabarmentzen bazaio, seguru bagaude ez dela ibili inolako sariren bila, eta, gainera, munduan aztarna ikusgarriak utzi baditu, orduan bai, zalantzarik gabe esan daiteke gizaki aparta dugula aurrean”.

Bestetik, Hatxeren Panpin hutsien dantza diskoaren letrak eta irudiak dituzue Booktegin, eta Histeria abestia Maria Elorzaren filmarekin batera entzungai dago. “Musikarien arteko alderaketak egitea arriskutsua da, iraingarria izan liteke, eta beharbada ekidin beharko genukeen ohitura. Adibidez, PJ Harvey Ingalaterrako Patti Smith dela esatea, edo Anari Euskal Herriko PJ Harvey dela idaztea, laidogarria izan liteke, agerian geratzen baita bigarrenaren lana ez dugula entzun. Beraz, ez dizuet esango Hatxe Hondarribiko Thelonius Monk denik…

Azkenik, Emilio Salgariren Pirataren andrea abentura-nobela plazaratu dute irakurle gazteenentzat. “Oraindik ez zen ekaitza baretu. Gaua haserre zegoen. Haizeak ulu egiten zuen adar tartetan. Hauek zeharo okertzen ziren, hautsi nahiko balute bezala. Hostoak, milaka, hega larrian zebiltzan. Noizbehinka, tximista ikaragarri bat lehertzen zen. Laino beltzak gogorki urratzen zituen. Eta basoko landare handienen arteko bat ipurdiz gora jartzen zuen…”

Gozatu, eta lagunekin partekatu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button