EZLEKUBAT

Izatea nahi dugun bezala kontatzea

Martxoaren 22tik 24ra Bilbon ENPAPen (European Network for Public Art Producers) lehenengo programa publikoa ospatu zen, Going public, telling it as it is? izenarekin. Izenburu narratiboa, publikoa dena murrizten dela ikusten duten Europako arte publiko ekoizleek aurre egiten dituzten lan ildo, zalantza eta erronkak argitzen dituen inplikazio sailarekin. 

Erakundeek euren zerbitzuak pribatizazioaren mehatxupean ikusten dituzten unean; kultura eta artea erakundeen laguntzari dagokionez garai txarrenetakoan daudenean; publikoa denaren definizioa gero eta konplexu eta zalantzagarriagoa denean, aire freskoa da ENPAPen energia. Hala ere, ENPAPek bere aurkezpen publiko ekintza une politiko eta sozial egokienean egiten duela esatea, bi urtetan zehar burutu duten lana gutxiestea izango litzateke. Seguruenik, garai hartan Mossutställningar (Stockholm, Suedia), Baltic Art Centre (Visby, Suedia), consonni (Bilbo), Situations (Bristol, Erresuma Batua), Vector (Iasi, Errumania) y SKOReko (Amsterdam, Holanda) sareko langileek aurreikusi zuten zetorkiguna, alde batetik neokapitalismoaren garaipena sumatzen zelako, eta bestetik proiektu publiko eta testuingurukoetan duten esperientzia sakonagatik, hori baita zalantzarik gabe komuna denaren hautemanerako sentikorragoak egiten dituen ezaugarria.

Hain zuzen ere, ordutik publikoa denarekiko dedikazioagatik euren buruak zertzen (eta harrotasunez betetzen) dituzten sei erakunde hauek arazo partikularrei ebazpen komunak bilatzeko indarrak bateratu dituzte, autoanalisia, partekatutako eztabaidak, ikerketa eta elkartruke prozesuan. Guzti hau ateak itxita baina konplizitate zehatzekin, testuinguru bakoitzean case studiesen bitartez, seguruenik topaketa eta disonantzia tarteekin.

Azkenik, euren ondorioak (eta ebatzi gabeko euren auziak) helarazteko nahia Going public, telling it as it is? izenburupean Bilbon burututako ekintza sailaren bitartez materialdu da. Hitzaurre iradokitzailea eta bikainki aukeratua, lehenik eta behin lan prozesu bat argitaratzeko beharrizana agertzen diguna, nahiz eta galde ikur xume honen bitartez aurreratzen digun seguru asko erantzun baino galdera gehiago aurkituko dugula. Kartak agerian jartzeko beharrizan hau, zalantzarik gabe, erakunde partaideen izaera publikoaren ondorioa da, baina seguruenik ez ginateke erratuko “public” hitzaren esanahi bikoitza interpretatuko bagenu, gogoeta aurkeztu eta konpartitzearen aldarrikapen moduan ere, ezagutza prozesuekiko erantzukizun komuna balitz bezala.

Bestalde, telling it as it is? galderak, aproposa den galde-doinuarekin, bete-betean murgiltzen gaitu hiru egunetan izandako interbentzio publikoetan zehar azaldutako oinarrizko kontuetan, bai jendaurreko partaidetzak (Martha Rossler, Itziar Barrio, Phil Collins, Alex Reynolds eta María Ruido egunez; Jeleton, OJO, Insitut Fatima eta Begoña & la Jawara gabaz), hitzaldi performakorrak (Asier Mendizábal, Falke Pisano & Francesco Pedraglio, Olof Olsson, Goldin + Senneby, Patricia Esquivias eta Asli Cavusoglu) eta erakunde ezberdinak eta gonbidatutako adituen arteko mahai-inguruetan. Aldizka, benetan publikoa denak zer edo nor ordezkatzen duen inguruko galdera ukitu zen, besteak beste, Cavusogluk The Hand of God Churchekin batera egindako performanceak, agerian utzi baitzuen ziurrenik ideia ateo eta politikoki ezkerzaleekin, eta profesionalki arte munduan ari diren pertsona zuriak baino ez zeudela publiko eta komunari buruzko simposiumean. Olof Olssonek ironia sakona egin zuen Europaren esanahiaren inguruan, zeina sare honetako partaideentzat konplexutasun hazkorra duen gaia baiten. Hizkuntza ere nahasmen eta argi iturria izan zen aldi berean, hitzaldi performakorretan partaide guztiek aukeratu baitzuten ingelesa, nabarmen utziz nazioarteko presentziak tokikoaren aurreko lehia sinbolikoa irabazten zuela, nahiz eta bat-bateko itzulpengintza bazegoen eta zenbait hizlari gaztelania mintzodunak ziren. 

Ateak itxitako azken lan saioan zehar proiektatzeke dagoen aldi berriaren gaia ireki zen: ENPAPek bere ideia eta zalantzak kideekin konpartitu zituen eta partaide gehiago, ildo zehaztuagoak eta ekintza komunekin proiektuarekin jarraitzea eskaini zien. Egun bat laburregia izan zen aurreko jardunaldi bietan zehar sortutako kontu guztiak mahairatzeko, eta erakundeen arteko balizko ikuspegi ezberdintasunak agerian utzi zituen: lan mahai bat arazo komunei ebazpenak bilatzeko beharrari begira zegoen artean, besteak publikoa, komuna eta testuingurua bezalako oinarrizko definizioak ezartzeko beharrizana zuzenki azpimarratzen zuen, erakunde ezberdinen arteko abiapuntu horretatik topagune eta dibergentzia puntuak onartu ahal izateko eta ezberdintasun nabaritik hasteko.

Eta hemen heltzen gara hitz gakora, jakina baita ENPAP beraren baitan ezberdintasun handiak daudela. Nola alderatu neurri, aurrekontu eta erakunde mailan handia den SKOR bezalako agentzia bat, proiektu bakoitza eta diru-laguntza euro bakoitzaren alde lehiatu behar den consonni bezalako erakunde batekin? Zeintzuk dira Suediako Stockholm eta Errumaniako Iasiren testuinguruen lotuneak? Eta galderaren funtsera jota, berdin ulertzen al da publikoa dena Bristol eta Bilbon? Izan ere, azken finean, zertaz ari gara publikoa denari buruz mintzo garenean? Hiriko espazio bati buruz? Museo bateko terrazari buruz? Zenbait erakunderi buruz? Zenbait balore konpartituri buruz?

ENPAP galdera guzti hauekiko pausu handi bat da: mahai gainean jartzen ditu, balore bezala onartuz eta ez muga bezala, eta horiek aztertzera ateratzen da, behin-betiko ebazpenen pretentsiorik gabe, baina egoera bakoitzaren testuingurua eta dagokionera hurbiltzeko puntu komunak aurkitzeko asmo biziarekin. Hurrengo hedapenean zentzu honetan pausuak zehaztuko balira, bere emaria are baliotsuagoa izango litzateke.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button