Nontzeberri

Antzerkia bestelako espazioetara eramateko xedez

Gasteizko Nazioarteko 45. Antzerki Jaialdiak Off Lokal programaren edizio berri baterako deia egin du, antzerkia ohikoak ez diren bestelako espazioetara eraman eta era berean, sorkuntza eszeniko berria eta lokala sustatzeko helburuz. Proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 25ean amaituko da.

Deialdi horretan, hiru proposamen eszeniko hautatuko dira, eta lan horiek koproduzituak izango dira, artista hautatuen eta Udalaren Antzoki Sarearen artean. Lanak  ikusle-kopuru mugatu baten aurrean eskaintzekoak izango dira, “ikusleekiko gertutasuna funtsezko faktorea” izango delako.
Lan horiek (euskaraz edo gaztelaniaz, eta 15 eta 20 minutu arteko iraupenarekin) jarduera eszenikoan diharduten konpainia profesional nahiz erdi-profesionalak aurkeztu ahal izango dituzte, beti ere egoitza Gasteizen edo Araban dutela.
Aurkeztutako proposamenen artean, epaimahaiak egokienak hautatuko ditu, eta horietako bat in itinere (hots, gune eszeniko batetik beste baterako bidean) emateko aukera gordeko du.

Aukeratutako proiektuak konpainiek proposatu eta propio horretarako prestatutako gune eszenikoetan antzeztuko dira, Gasteizko Nazioarteko 45. Antzerki Jaialdian.

Betebeharreko guztiak, hemen kontsultatu ahal dituzue.