ESZENA

Antzerki txikiaren handitasuna “Lautan Hiru antzerki txikia, festibal handia” egitasmoan

Euskaltzaindia bere Mendeurrena ospatzen ari da hainbat ekitaldiren bidez: ekitaldi instituzionalak, akademikoak eta artistiko-kulturalak. Azken atal horren barruan, gaur berton, Bilboko egoitzan, Lautan Hiru antzerki txikia, festibal handia izeneko egitasmoa aurkeztu du, non formatu txikiko antzerkiak (hiru lan egun bakoitzean) protagonismoa hartuko duen, lau egunetan, eta Bilboko Zazpi Kaleetako lau espazio ezberdinetan: ZazpiKatu gaztetxea, Kafe Bar Bilbao, Euskaltzaindia eta BIRA kulturgunea.

Lautan Hiru antzerki txikia, festibal handia jaialdia urtarrilaren 31n hasiko da, eta lau ostegunez luzatuko da, eta Lutxo Egiak adierazi duen bezala, “antzerkia duen handitasunak alde zaharrean erakusteko zirrikitu berriak topatzeko, bertan eragiteko, eta antzerkilariei beren lanak erakusteko guneak eskainiz euskarazko antzerkia hauspotzeko” xedez.

Hil honetan abiatuko den jaialdiaren baitan, eta ostegunero, hiru pieza ikusteko aukera izango da, goian aipaturiko tokietan. Formatu txikiko lanak erakutsiko dira, eta horrek esan nahi du  muntaia arina izango dutela, eta oro har, 20-30 minutuko piezak izango direla. Hala ere, eta Mikel Martinezek adierazi duen bezala “luzeagoren bat ere programatuko da”. Antzezlan batzuk ezagunagoak dira beste batzuk baino, antzerki zirkuituetan baitabiltza, baina guztiak interesgarriak izango dira, ezbairik gabe.

Urtarrilaren 31ko programazioa 19:00etan hasiko da, Kafe Bar Bilbaon, Tabernaria piezarekin. Ondoren, 20:00etan, Euskaltzaindian izango da zita Komuna lanarekin. Azkenik, 21:00etan, BIRAra joango dira zale guztiak Basatiaren mintzoa lanarekin gozatzera.

Hurrengo saioak honakoak izango dira: otsailaren 7an, 19:00etan, Euskaltzaindian, Mary’s dream/Maryren ametsa (Amaia Ruiz de Galarreta, 14 min); 19:30ean, Kafe Bar Bilbaon, Lurrun minez (Galder Perez, 25 min); eta 21:00etan, Zazpi Katun, Morbus Operandi (Ane Zabala eta Aiora Sedano, 50 min). Otsailaren 14an, 19:00etan, BIRAn, Inor ez dator (Amaia Irazabal, 15 min); 20:00etan, toki berean, BIRAn, Deskontrolatuak (Karmele Larrinaga eta Iratxe Urkiaga, 25 min) ; eta 21:00etan, Zazpi Katun, Tomiris (Iñaki Ziarrusta, 50 min).
Azken egunean, otsailaren 21ean, 19:00etan, Euskaltzaindian izango da lehen zita, Minus Ukittua (Telmo Irureta, 20 min) lanarekin; 20:00etan, Zazpi Katun, Maite(k)ale borroka (Ane Pikaza eta Aitor Fernandino, 25 min); eta 21:00etan, BIRAn, Gudua (Asier Hernandez eta Dorleta Urretabizkaia, 55 min).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button