MUSIKA

“Midnight Boogie”, musika beltzen jaialdi gasteiztarra

Vital Fundazioak eta Helldorado Kultura Elkarteak Midnight Boogie Gasteizko lehenengo soul eta R&B jaialdia antolatuko dute asteon. Jaialdia gaur hasiko da Paul San Martin musikariaren kontzertuarekin, Luis de Ajuria aretoan, 19:30ean. Aurretik, zine emanaldia izango da: Warming by the Devil’s Fine (Charles Burnett), bluesaren historiaren inguruko lana da.

Bihar, ostirala, kontzertu interesgarria izango da Helldorado aretoan, 22:00etatik aurrera: TT Syndicate banda portugaldarra eta Rolando Bruno argentinarra. Portugaldarrek rhythm and blues (R&B) dotorea eta dantzagarria jotzen dute; Rolando Brunok, berriz, cumbia eta antzeko soinu tropikalak jorratzen dituen gizon-orkestra garaikidea da. Emanaldien ostean disko jartzaileak izango dira: Birdy eta Los Sierra.

Etzi, larunbata, Tito Ramirez eta The Blackbirds arituko dira Helldoradon.  Ramirez musikari andaluziarrak latin kutsuko R&B beroa jotzen du; orain arte bi single argitaratu ditu, oso harrera ona izan dutenak erritmo beltzen zaleen artean. The Blackbirds, aldiz, Toledokoak dira, eta  Julian Maeso musikariarekin arituko dira. 1960ko hamarkadako R&B zuriaren jarraitzaileak dira: Roulettes, Them, Zombies, David Jones, Los Bravos… Baina soulari bizkarra eman gabe. Kontzertuen ostean, disko jartzaileak izango dira: Tim Smithers britainiarra eta Isb Lester.

Horretaz gainera, aipatutako Julian Maesok haurrentzako musika-tailerra zuzenduko du arratsaldean, 18:00ean, Kordoi Etxean. Eta disko jartzaile soul zaleak ere izango dira Toloño tabernan, 18:00etatik 21:00etara.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button