ESZENA

Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian, euskal ekoizpen andana

Aurtengo Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdia urriaren 6tik azaroaren 29ra bitarte gauzatuko da, eta bi hilabete hauetan 35 ikuskizun eszenaratuko dira. Aurtengo nobedadea da euskarazko antzerki eskaintza zabala.

Eskaintza horren barruan Oreka Tx, Kulunka, Pikor, Pez Limbo, Sleep Walk Collective, Teatro Paraiso eta beste talde batzuk izango dira Principal, Baratza, Felix Petite eta Ibañez de Matauko agertokietan.
Urriaren 6an izango da lehen hitzordua, Principal antzokian, Flute konpainia ingelesarekin eta  Hamlet: Who’s there? lanarekin

Euskarazko lanei begira, urriaren 13an, Parasite kolektiboaren eskutik Hautsa lana eszenaratuko da. Horretaz gain, Artedramak, Le Petit Theatre de Painek eta Dejabu Panpin laborategiak Francoren bilobari gutuna obra estreinatuko dute.

Horiez gain, Lurrak zirku ikuskizuna ere izango da Gasteizen. Lurrak formatu handiko ikuskizuna da, Bilboko eta Gasteizko Udalen arteko elkarrekintzaz sorturikoa, eta eszenako kalitate, hezkuntza-hiriak, euskal kultura eta ekipoaren balioak sustatu nahi dituena. Zirku garaikidea lantzen duen obra hori ekainaren 10ean estreinatu zen Gasteizko Kaldearten, eta ekainaren 27an, Bilboko Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdian.  Obra ikusgarri horretan, zirkuko teknika bat baino gehiago menderatzen dituzten espezialisten agerraldiak daude, eta musika tresna tradizionalak (txalaparta ikusgarria) eta modernoak jotzen dituzten musikariak, izan ere, pieza horretarako propio sortu da musika berezia. Bost antzezlek eta lau musikarik osatu dute oholtza gaineko taldea.

Azaroan, Vaivén Producciones-en Azken trena Treblinkara lana ikusteko parada egongo da. “Umezurztegi bat, 200 haur judutarren bizilekua. Janusz Kòrczak mediku eta pedagogoak, hango buru zelarik, haur-errepublika zinezko bat sortu zuen bere laguntzaile min Stefania Wilzynskarekin batera. Ikus-entzuleak epaiketa baten lekuko izango dira, non jakinarazpen izugarri batek amaiera emango baitie hango ametsei, bizitzari: umezurztegitik alde egin behar dute, eta tren bat hartu, Treblinkako kontzentrazio-esparrura eramango dituen trena”.

Obra berezi horietatik aparte, betiko lez, ekimen paralelo asko antolatu dira: lantegiak, ikusleekin topaketak, bisitaldi gidatuak eta bar.

Programazio guztia (datak, ordutegia, taldeen gaineko informazioa eta abar) hemen duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button