ESZENA

“Antzerki Aroa” izeneko zikloa, Nafarroako Antzerki Eskolan

Nafarroako Antzerki Eskolak Antzerki Aroa izeneko zikloa ondu du irailaren 30etik urriaren 28ra, hiru emanaldirekin.

Lehen egunean, bihar bertan, 20:00etan, Aldatzen laguntzen kolektiboaren Birritan Bortxatua izeneko emanaldia programatu da. “Nagore naiz, 44 urte ditut, eta oraindik ere ezin dut sinetsi niri horrelakorik gertatu izana. Duela hiru urte, herriko jaietan, bortxatu egin ninduten. Ezaguna nuen mutil batek bortxatu ninduen. Bere izena esatea ere kosta egiten zait. Bai… barkatu… Mikel da bere izena”. Nagorek beldurrak gaindituz, salaketa jartzea erabakitzen du. Orduan hasiko da Nagoreren bigarren amets gaiztoa.

Urriaren 14an izango da bigarren emanaldia, Xake produkzioak taldeak sortu duen Fadoak entzuten zituen gizona lanarekin. Mario kamioilaria da eta lan kontu batengatik Lisboara bidean doa. Bidean, Ander izeneko mutil bat jasoko du. Ander musikaria da eta Huelvako Ayamonte herrian antolatzen den fado lehiaketa amateur batera doa bertan parte hartzeko asmoz. Kasualitateak kasualitate, Anderrek eta Mariok lehenagotik ezagutzen dute elkar, baina urteak dira ez dutela elkarren berri izan. Modu honetara, umetatik binkulo emozional txiki bat izan duten bi pertsona hauek egun pare bat iraungo duen bidaia bat hasiko dute. Bi lagun hauen artean eta kontu askoren inguruan gogoeta egiteko bidea emango du lanak: zer da sentibera izatea? gizonak izan gaitezke sentiberak? nola harremantzen gara mutilak? ze rol jokatzen ditugu gizarte honetan? Maskulinitatearen inguruan gogoeta egiteko lan bat da honako hau.

Azkenik, urriaren 28an, Ados Teatroak Igel Euria eramango du ziklora. Gaixotasun mental bat diagnostikatuta duen pertsona bat bere buruaz beste egiteko gertu dago. Bere buruaz beste egingo du ala ez? Galdera hau ebatzi gabe geratuko da. Ez gara inor hau epaitzeko. Bere erabakia da. Gurea, entzutea. Fikzioa egiazko testigantzaz zipriztindua dago, batzuk zuzenean ikusiko ditugu eta besteak grabazioen bidez. Tramarekin bat egingo dute, etenik sortu gabe, narrazio bakarra sortuz: aniztasun mentala duten pertsona hauen izaera aldarrikatuz: pertsonak dira gaixoak izan aurretik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button