Nontzeberri

Anthony Burgess eta “Laranja Mekanikoa” euskaraz

Egunotan gure bulegora heldu da Meettok argitaletxeak kaleratu duen “artefaktu berezia”: Anthony Burgess idazlearen Laranja Mekanikoa. Itzulpena eta hitzaurrea Ion Olanok egin du eta epilogoa Harkaitz Canok.

Argitaletxeak honelako hitzak idatzi ditu lan hori definitzeko orduan: “Adi, irakurle, erne. Artefaktu berezia da esku artean daukazun hau. Azalez ezaguna da, baita izenez ere; haren mamia, aldiz, aski ezezaguna zaigu. Anthony Burgess idazleak eman zuen argitara Ingalaterran lehen aldiz 1962an, eta ondoren, 1971n, Stanley Kubrick zuzendariaren film bertsioarekin batera zabaldu zuen ospea munduan barrena. Apurtzailea izan zen filma estetikoki, soinuz eta irudiz. Alde etikotik, bestalde, galdera zorrotz ugari sorrarazi zituen. Alabaina, fokuen argiak itzalpean utzi zituen liburuaren hainbat puntu nagusi; esate baterako, ba al dakigu nondik datorren Laranja mekanikoa izenburua?
Alex dugu kontakizun honetako protagonista eta narratzailea. Arratsero biltzen da haren drugu (lagun) Pete, Georgie eta Tentelekin, moloko (esne) plus apur bat hartu, gogoa zorroztu, eta harrapatzen duten ororekin ultraindarkeriaz jokatzeko. Atsegin dute arauak haustea jostaketa hutsez, eta nadsat (nerabe) hizkera berezian mintzo dira. Alexek, gainera, zaletasun berezia du musika klasikoarekin, Ludwig Van (Beethoven) kuttunarekin bereziki. Amets goxoa dena, ordea, amesgaizto bilakatuko zaio une batetik bestera…”

Exit mobile version