LITERATURA

Anjel Lertxundiren “Otto Pette” klasikoa hizpide, Martin Ugalde Kultur Parkean

Otto Pette gure garaiko klasiko baten argitalpenaren 25. Urteurrenaren harira, Martin Ugalde Foroak eta Alberdania argitaletxeak antolatutako gogoeta saio irekia ondu da Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, datorren urriaren 25ean, 19:00etan.

Alberdania argitaletxeak plazaratu zuen estreinakoz Anjel Lertxundik idatzitako Otto Pette: Hilean bizian bezala eleberria, 1994an, eta hainbat aldiz berrargitaratu da, Erdi Aroan girotutako eleberri “berritzaile eta arrakastatsua”.

Zazpi ataletan banaturik, Erdi Aroan girotutako nobela mardul honekin, Jon Kortazarrek, EHUko Euskara Institutuak argitaratutako, Euskal Literaturaren Hiztegian esaten duen bezala, Lertxundik lan honekin, “esperimentatzeko bidea jorratzen segitu zuen, eta bide horretan, ondoren jorratuko duen bide baten aitzindari  bilakatu da Otto Pette eleberria”.

Erdi Aroan girotzeak, bestetik, “hizkuntza aldetik ere kontakizun berritzailea egitea eskatzen zuenez, ahalegin berezia egin zuen Lertxundik, alde guztietatik Erdi Aroa hauteman dezan irakurleak, hain zuzen ere, euskaraz ordura arte jorratu gabeko bide bat irekiaz”.

Liburu honen arrakastaren giltzetako bat hartara, Lertxundik berak adierazi izan duen bezala, “hizkuntza eraikitzeko eginiko lan itzel eta eskergan datza”, izan ere, euskaraz aurretik gisa horretako eleberririk ez zegoelako.
“Biharko klasiko bat zela iragarri zuten editoreek 1994an, Otto Pette lehen aldiz argitara ematerakoan. Eta asmatu zuten, zinez”, azaltzen du Alberdania Argitaletxeak, “horixe baita, azkenean, liburu bat klasiko bihurtzen duena: iraunkortasun emankorra; agortzen ez den literatur gozamen beti berri baten iturri izatea”, gaineratuz.

Euskara batuaren 50.urteurreneko ospakizunetan gabiltzan garai honetan hartara, “Otto Pettek” duela 25 urte euskal literaturari ekarri zionaz, “bai -eta nagusiki- gaurko eta biharko irakurleari dakarkionaz eta ekarriko dionaz”, gogoeta egitera gonbidatzen gaitu oraingoan Alberdania argitaletxeak eta Martin Ugalde Foroak elkarlanean ondutako solasaldian.

Gainera, bertan izango dira Anjel Lertxundi idazlea bera, Miren Azkarate, EHU-ko irakaslea eta Euskaltzaina, Itxaro Borda idazlea eta Beñat Sarasola idazle eta literatura kritikaria, Joxerra Garzia, gidaritzapean. Saioa zuzenean jarraitu ahal izango da berria.eus atari digitalaren bitartez.

“Gure literatur sistema xumean bonba bat izan zen Otto Pette”, dio Inazio Mujika Iraolak bere ardurapean argitaratutako XXV. urteurreneko edizioari egin duen hitzaurrean. Izan ere, “bonbaren eztandak euskararen sistema literario osoa astindu zuen, aurretik eta ondoren gure beste hainbat idazlek (Atxaga, Saizarbitoria, Sarrionandiak…) egin duten bezala”. Baina oso modu partikular eta berezian jaso zuen euskal literaturak Lertxundiren ekarria, Mujika Iraolak adierazten duenez. “Miragarria da hutsetik Anjelek nola sortu zuen Otto Petteko mundua; bai giroz bai hizkeraz, inolako erreferentziarik eta tradiziorik gabe, itzulpenaren ispilurik gabe”.

2005ean ireki zituen ateak Martin Ugalde Foroak, BERRIA egunkariaren eta Martin Ugalde Kultur Parkearen lankidetzaren bidez. Hasieratik helburu berarekin aritu dira lanean: euskarazko hausnarketa, elkarrizketak eta eztabaidak sustatzea. “Foroa gune irekia da, zabala, hitzaren esparrua, topaketaren, trukearen eta elkarrizketaren lekua. Eta herritarrena”. Hala zioen Juan Mari Torrealdaik Martin Ugalde Foroaren aurkezpen egunean. Martin Ugalde zenaren izena ere ekarri zuen gogora, “izaera kritikoduna, baina, solaskideekin errespetuzkoa”.

2005ko egun hartatik hamaika elkarrizketa eta hitzordu egin dira bertan eta guztiek begiratu dute, ordea, norabide berean: “aktualitatea lantzea, euskal pentsamendua garatzea eta gizarte eraldaketari lotutako eztabaida sustatzea”, Martin Ugalde Foroaren arduradunen hitzetan.

Hurrengoa hortaz, urriak 25ean, Otto Pette” klasikoa hizpide.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button