LITERATURA

Anjel Lertxundik “Gilles De Rais” izeneko liburua plazaratu du

Itzuliz usu begiak saiakera arrakastatsuaren ondoren, Anjel Lertxundik azken hiru urteotan plazaratu duen eleberri bakarra aurkeztu du, fikzioaren bidea berreskuratuz. Atzo, Anjel Lertxundi idazleak aurkeztu zuen lan berria, Jorge Giménez Bech Alberdaniako editoreak lagunduta.

Editoreak hala deskribatu zuen obra: “eleberri labur zeharo umotua da Anjelek dakarkiguna, inguru tragiko batean gauzatzen den peripezia batzuetan lazgarria, beste batzuetan groteskoa, inoiz komikoa ere bai”.
Idazleak adierazi du mito faustikoa dagoela eleberriko historiaren muinean, protagonistak, Vincent antzerkilariak, nolabait, bere arima saltzen baitu, kasu honetan diruagatik, eta ez deabruari, baizik eta militar karlista batzuei: “Modu ugaritan landu da literaturan Faustoren mitoa. Marloweren Faustok, adibidez, arima saltzen du jakituaren aldeko apustuan, baina Goethek giza sekretuak ezagutzeko grina asetzeko gogoa jartzen du Faustok deabruarekin egiten duen tratuaren sorburuan, eta, gure garaitik gertuago, arte gorena menderatzea darabil Thomas Mannek arima saltzeko arrazoitzat. Vincent, eleberriko protagonista, antzerkilaria da, Victor Hugo zalea eta artearen maitalea, eta diruaren truke saltzen ditu bere artea eta duintasuna”.

Bai, horixe da kontatuko zaiguna, “urrez erosiko diote borondatea militarrek, eta izenez ere apenas ezagutzen dituen nafar lurraldeetan barrena ibiliko da Vincent, antzerki-lan berariazko batez soldaduak gudurako adoretzen. Urrez erosiko diote duintasun artistikoa ere, militarren esanetara itxuraldatuko baititu Arc-eko Juanaren ibilerak, Karlos VII.aren kausaren alde. Baina Gilles de Rais mariskal pedofiloak Juanaren begietan bezala, Vincentek errai propioetan ezagutuko du pasioaren sua, ez dakien arren zerutik ala infernutik ote datorkion. Eta ezagutuko du, une berean, antzerkiaren eta bizitzaren arteko mugaren lausoa”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button