MUSIKA

Andoaingo Rock Jaialdia egingo da larunbatean

Rock zaleek hitzordu garrantzitsua dute larunbatean Andoaingo Nafarroa plazan. Izan ere, egun horretan Andoaingo Rock Jaialdia egingo da, eta zaleei dagoeneko adurra darie, kartela oso interesgarria baita.

Jaialdian hauexek parte hartuko dute: Legendary Tiger Man (Portugal, punk-blues); Kill Devil Hills (Australia, rock zingiratsua); The Coal Poarters (britainia Handia, alt-bluegrass) eta Tulsa eta Birkit euskal emakume artistak.

Horiei, baina, oraintsu Boss Hog talde estatubatuarra gehitu zaie, eta ziztuan kartel-buru bilakatu da New York hiriko banda, ez baita edonolako taldea.  Jon Spencer (gitarra) eta Cristina Martinez (ahotsa) senar-emazteek gidatutako punk-blues egitasmoa da Boss Hog, eta Brood X lan berria aurkeztuko du.

Jon Spencer (gitarra) eta Cristina Martinez (ahotsa) Pussy Galore noise-blues taldean ezagutu zuten elkar, eta 1989an, Boss Hog eratu zuten, The Honeymoon Killers, Unsane eta Pussy Galore taldeetan aritutako musikarien laguntzaz. Taldeak iraupen luzeko lau disko plazaratu ditu: Cold Hands (1990); Boss Hog (1995); Whiteout (2000) eta Brood X (2017). Jon Spencerrek, bestalde, Jon Spencer Blues Explosion abiatu zuen 1991n.

Aurten, eta eguerditik hasita, beste hiru kontzertu izango dira: 12:00etan, The Riff Truckers, Zumea plazan; 13:00etan, Howdy, Basteron; eta, azkenik, 14:00etan, The WC Grooves, Goiko plazan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button