EZLEKUBAT

Ander Lipus: “Artean beharrezkoa da ikuspuntu kritiko bat ematea erakusten duzun horretan”

Iñigo Ibarra (Markina-Xemein, 1971), Ander Lipus bezala ezagunagoa, berpizkundeko artistalez deskriba dezakegu, aktore, antzerki zuzendari, ekoizle, artikulista, Antzerkiola Imaginarioa –FTIren sortzaile, eta beste hainbat lanetan ariturikoa baita.
Berarekin mintzatu gara aste honetan antzerkiaz, hezkuntzaz, gizarteaz eta proiektu berriez.

Zergatik Ander Lipus?

Madrildik Bilbora bueltatzean oso Pessoa zalea nintzen eta heteronomo ezberdinak erabiltzen hasi nintzen. Ander Lipus gelditu zen prentsan eta horregatik dut izen artistikolez. Ander, “andere” hitza gogoko dudalako hautatu nuen eta Lipus, Eric, Madrilgo lagun baten abizena delako, eta bitxia iruditzen zitzaidalako. Eric-ek gainera ez zekien aita nor zuen eta hori are bitxiago iruditu zitzaidan.

Hainbat lanetan aritu eta ari zara. Zeinekin identifikatzen zara?

Ni batez ere aktorea naiz, aktore edo bufoia. Gero akzidentalki naiz ekoizle (Artedrama izeneko arte eszenikoen plataforma bat daramat beste lagun batekin batera); zuzendari, nere proiektuak edo nire estetika bideratzeko ez nuelako beste modurik, eta beste hamaika gauza.

Zer da zuretzako aktore edo bufoia izatea?

Aktore izatearen ADNa aurkitu behar duzu, organikoa izan. Eskenatoki baten jartzen badituzu aktore bat eta katu bat, jende guztiak katuari begiratuko dio, bizirik dagoelako. Eta hori da aktoreak jarraitu behar duena. Eskenan une oro jendea seduzitu behar du. Gero egia da teknika asko landu behar dituzula, eta zenbat eta zure adierazpena zabalagoa izan, beti errezagoa izango da publikoaren aurrean egotea eta pertsonaia bat modelatzea. Bestalde, niretzat oso inportantea da nire burua inongo harrotasunik gabe begiratu eta norbera patetikoa dela onartzea, orduan soilik esan ahal duzulako besteak ere agian patetikoak izan daitezkeela. Eta horregatik gustatzen zait bufoiaren ideia hori erabiltzea.

Argian ateratako elkarrizketa batean diozu antzerkiak sistemaren kontra joan behar duela. Zergatik?

Bai. Ni beti kontrakulturaren oso aldekoa izan naiz, GIlles Deleuze irakurri dut. Mundu arrazional honen beste izpilua izan behar du antzerkiak, horregatik nire proposamen teatralak sarri naturalismoaren kontrakoak dira. Arteak, Oteizak esango zuenez “existentziaren zauriak sendatzeko” izan behar du.

Martina saioa, inkomunikazioari buruz.

Ikuspuntu kritikoa aipatu duzu. Uste duzu gaur egungo gizartean gaitasun kritiko gutxi dagoela?

Ez dakit, orain modan dago “Indignatu zaitez” liburua eta niri oso azalekoa iruditu zait. Niretzat bizirik egoteko modurik ederrena borrokan ibiltzea da beti; artean beharrezkoa da ikuspuntu kritiko bat ematea. Askotan entzuten dut “nik barre egiteko bakarrik behar dot teatroa” eta nire teatroa ez da halakoa. Horrek ez du kentzen adib. “Erregea eta bufoia” egitean jendeak kriston barre algarak botatzeko baina beti dago puntu kritiko bat eta uste dut hori ezinbestekoa dela. Bestea oso erraza eta konformista da, gizarte homogeneizatzailea.

Zer egin daiteke gizaki masak ekiditzeko?

Uste dut hezkuntzak baduela ere zer esan. Aldaketak egin beharko ziren. Hasteko ez dut ulertzen jada 4 urterekin umeak eskolara eramatea, sistemaren barnean sartzeko. Nik ez nuke eramango 7 urte izan arte. Bestalde sentitzen dut antzerkiak izan beharko lukeela eskolako ikasgai bat. Sentimenduak adierazteko, matematikako klaseak emateko,… mila gauzetarako balio duelako. Evreinov-ek esaten zuen antzerkia berez pre-estetikoa dela. Gizakiak utzitako lehen aztarna pultsera bat da, bestea izateko: nik belarritako bat ipintzen badut jada beste bat naiz.

Orain Sarrionandiaren “Idazlea zeu zara idazten duzulako” obraren ipuiak haurrentzat antzerki gisa prestatzen ari zara. Zergatik interesatzen zaizu haurrekin lan egitea?

Badago “Herritartasunerako hezkuntza” deritzon ikasgai hori espainol pentsamendutik balioak transmititzeko eta pentsatzen dut balio positibo horiek eta pentsamendu kritikoa euskal imaginariotik transmititzeko, Sarriren mundu hori umeei azaltzea eta plazaratzea ezinbestekoa dela. Eta plazaratu tontokeriarik egin barik, umeei pentsa arazten eta pentsamendu hori konpartitzen. Eta hor ere ni beti sistemaren kontra, emanaldiak aldi berean 500 umeren aurrean eman beharrean, 25 ikasleren tartean eman nahi ditut, benetako komunikazioa egon dadin. Ekonomiaren aldetik zaila da sostengatzeko baina berdin zait.

Noiz hasiko zarete emanaldiekin?
Iraila bukaeran lehen emanaldia “Artzain”go eskolan egingo dugu baina oraindik eskola sarea egin ala zarratu gabe dago. Hori Hik Hasi-koen aldizkarian atera da eta web orrialdean ere aterako dugu.

Beste proiekturik al duzu?

Orain Xabier Mendigurenen “Publikoari gorroto” obra prestatzen ari naiz 2012ko udazkenean estreinatzeko. Oso obra punkia izango da. Gustatzen zait apurtzea, politikoki zuzena denaren beste aldean egotea. Ez zait asko gustatzen masarentzat diren gauzak, gauza txikiak gustatzen zaizkit, Oteizak zihoenez “laborategi lana”.

Yuri Sam, otoitza.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button