MUSIKA

Ander Garcia kontrabaxuak euskal musikarekin inprobisatu du bere disko berrian

Ander Garcia jazz musikariak Hiru (Errabal) izenburuko lana aurkeztu du gaur goizean Bilbon. Diskoaren azpitituluak adierazten duenez, Euskal musikaren oinarrietatik inprobisaziora, bertsoen doinu eta metriketan, gaztaroan dantzatu zituen zortzikoetan (bereziki zortzikoak) eta doinu herrikoietan oinarritutako inprobisazio ariketa plazaratu du kontrabaxu jotzaileak,  pianoaren laguntzaz; batzuetan, abestu ere egiten du.

Garcia musikaria ez ezik, dantzaria ere bada, eta egitasmo honen bidez “dantzetan oinarritutako musika instrumentala dantzatua egongo balitz bezala” proposatu du. Hala, kontrabaxu jotzaileak “gure sustraitik abiatutako inprobisazio melodikoaren” aldeko aldarria egin du. Izan ere, Garciaren aburuz euskal instrumentista melodikoak ez dira inprobisatzaileak; bai ordea, bertsolariak eta txalapartariak.

“Bat-batekotasuna landu behar dugu”, azpimarratu du, baina ikasi ere bai, esaterako, bertsolarien metrikak eta doinuak. Hala, “lan esperimental” hau egiteko, biziki maite dituen tradizio afroamerikarreko musika eta jazza alboratu behar izan ditu.  

Diskoaren edukiaren harira, lan minimala da, melodikoa, entzun erraza, kontrabaxu eta pianoarekin eraikia. Oso tarteka ahotsa ere agertzen da; Etxahun-en Urxapal bat kantuan, esaterako, Ximun Aranek 1960ko hamarkadan grabatutako Lohidoyren ahots-pista sartu du, eta Liliak ihesi doinuan, halaber, Garciak berak idatzitako zortzikoa abestu du, Laboaren eraginpean. Pieza instrumentalak, azkenik, “hutsuneak” dituzten doinuak dira, minimaltasun handikoak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button