LITERATURA

Aurtengo itzulpen-lehiaketa bidean da

Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) aurtengo itzulpen-lehiaketarako beharrezkoak diren baldintzak jakinarazi ditu , bai eta zeintzuk diren itzulgaiak ere. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 2an amaituko da.

Honako hiru obra hauek dira aurtengo itzulgaiak: Fatima Mernissi, Dreams of Tresspass; Artur Pestana ‘Pepetela’, A Geração da Utopia;  eta Sheridan Le Fanu, Carmilla.

Itzultzaile profesionalak zein hasi berriak izan daitezke lehiatzaile. Nolanahi ere, aurreko urteko lehiaketan itzulpenen bat esleitu zaien itzultzaileek ez dute parte hartzerik izango.

Hiru lagunek osatuko dute epaimahaia, jasotako itzulpenak aztertu eta esleipena egiteko. Itzulpengintzaren munduan aitorturiko gaitasuna eta prestigioa duen pertsona bana izendatuko dute Eusko Jaurlaritzak, itzulpenok argitaratuko dituzten argitaletxeek eta EIZIE elkarteak. EIZIEk idazkari bat ere izendatuko du, hizpiderik eta botorik gabe arituko dena. Epaimahaiaren erabakia atzeraezina izango da.

EIZIE elkartearen webguneko albistegiaren bidez jakinaraziko da epaimahaiaren erabakiaren berri.

Ordainsariak hauek izango dira: Dreams of Trespass: 5.677 euro ; A Geração da Utopia: 10.741 euro; eta Carmilla: 2.278 euro.

Argibide gehiago, helbide honetan dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button