MUSIKA

Anarik “Gararock” jaialdian joko du

Hilaren 22an, larunbata, Gararock jaialdia egingo dute Mendaron, 16:00etatik aurrera. Ekimenaren antolatzaileek kartel interesgarria ondu dute askotariko taldeen presentzia tarteko. Biznaga, Rubia, Jupiter Jon, Last Fair Deal eta Dr. Maha’s Miracle Tonic dira jaialdiko izen nagusiak, baina Trakamatraka eta DJ Art-Etxe era arituko dira.  Azken orduan, baina, Anari ere gehitu da kartelera. Horretaz gainera, umeentzako jarduerak eta food-truck-ak ere izango dira, bai eta jateko gune bat ere.

Anari musikari eta taldeak argitaratu duen azken lana Epilogo bat (Bidehuts) izan da. Diskoak sei doinu biltzen ditu, bat instrumentala. Hauetan ere hitzek pisu handia daukate, bai eta tempo geldoek ere, aurreko lanean bezala. Diskoaren bigarren zatia, baina, EpilogoaAutodefinitua eta Piromania kantuek osatzen dutena, biziagoa da, eta gitarren presentziak gora egiten du.

Gainerako taldeen harira, Biznaga estatuko punk-rock talde interesgarrienetarikoa da, eta orain arte iraupen luzeko bi disko arrakastatsu plazaratu ditu.

Rubia ibilbide luzeko musikariek osatutako proiektua da, Getxoko Sara Iñiguez musikariak zuzendua. Mendaron, The Game izenburuko lana aurkeztuko dute bizkaitarrek: soul, pop, psikodelia, folk…

Jupiter Jon Bidehuts plataformako kidea da, eta hamaika erritmo nahasten dituen post-punk egitasmoa da. Bi disko argitaratu ditu taldeak eta egun, baxu jotzaile berriarekin aritzen dira gipuzkoarrak: Anari eta Inoren Ero Ni taldeekin aritzen den Mariano Hurtado, hain zuzen.

Dr. Maha’s Miracle Tonic swing talde bilbotarrak Bank Robbers izenburuko diskoa aurkeztuko du Mendaron. Western swing, rhythm and blues, mambo, jazz eta vaudeville giroko bestelako musikak jorratzen duen banda akustikoa da. Taldea eratu zenetik, makina bat kontzertu egin ditu, 1940ko hamarkadako musika ezberdinak zabaltzeko asmoz.

Azkenik, Last Fair Deal bilbotarrek energiaz beteriko blues-rock eta southern-rock erritmoak jorratzen ditu, sendo eta indartsu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button