BERTSOTAN

Amorobieta-Etxanok hartuko du domekan, BBTren hirugarren kanporaketaren txanda

Zornotza Aretoko oholtzara igoko dira urriaren 21ean domekan, Aitor Esteban Etxebarria, Ander Elortegi Garatea, Ander Ucelay AristiInazio, Vidal Gurrutxaga, Txaber Altube Sarrionandia eta Unai Mendiburu Valor bertsolariak,  Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren udazkeneko hirugarren kanporaketako saioan, arratsaldeko 17:00etan.

Gai jartzaile lanetan arituko da bertan, Itxaro Juaristi Olaetxea eta epai mahai kideak, Alaitz Etxanobe Bereziartua, Ander Txakartegi Basterretxea, Jon Jaio Aiartzaguena, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu eta Miriam Juaristi Urizar izango dira. Eta idazkari beharretan, ostera, Itziar Basterretxea Olarreaga ibiliko da.

Buruz buruko lanean, ofiziotan zortziko nagusian eta txikian, hiruna bertso kantatu beharko dituzte. Puntua emanda halaber, bina bertso asmatu beharko dute zortziko txikian, eta beste hiruna bertso ofiziotan, hamarreko txikian. Eta neurketa kartzelako gaiarekin osatu beharko dute bakarkako lanean, beste bina bertsorekin, doinu eta neurri librean.

Guztira 9 bertso saio ondu dira udazkeneko fasean, eta domekakoa, finalaurrekoetara pasa aurretik antolatutako hirugarrena da. Beste hiru saio geratzen dira hortaz, finalaurrekoetarako txartela lortzeko lehian. Lanik onena burutzen dutenek, zuzenean sailkatuko dira Igorren datorren azaroaren 25ean izango den finalaurrekora.

Sailkapena

Orain arte egindako buruz burukoetan, Malen Amenabarrek 480,5 punturekin, eta Imanol Uriak 451.50 punturekin lortu dute finalaurrekorako txartela. Eta gainontzeko bertsolariek, puntuazioaren arabera izango dute horretarako aukera.

Abenduaren 16an hortaz, Bilboko Bilbao Arenan egingo den final handirako txartela, lanik onena osatzen duten 8 bertsolarik eskuratuko dute.

Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian salgai daude dagoeneko eta ohi bezala, bazkideek deskontuak izango dituzte. Kanporaketa zein finalaurreko saio guztietara joateko ere, bonoak daude  eskuragarri.

2 urtetik behin egiten da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta bertsolarien lana agertzeko plaza ez ezik, bertsozaleentzako arnasgunea eta bertso eskolen lana agertzeko plaza ere badela azpimarratu du Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkartearen lehendakariak. Era honetan, “urte osoko elkarlanaren emaitza plazaratzeko ekimena da”.

Txapelketaren informazio guztia duzue Bertsozale.eus atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button