ESZENA

“Ama Kuraia” euskaraz, Arriaga Antzokian

Arriaga Antzokiaren ekoizpen berriaren estreinaldia da Ama Kuraia-Madre Coraje lana. Gaur goizean, antzokiko oholtzaren gainean bildu da bertan parte hartzen duen artista andana, zuzendariarekin batera moldaturiko lan “lehor” berriaren gainean xehetasunak emateko asmoz.

Hala, Maria Goiricelaya zuzendaria eta moldaketaren arduraduna Itziar Lazkano, Ione Irazabal, Ane Pikaza, Eneko Sagardoy, Mikel Losada, Miren Gaztañaga, Iñaki Urrutia, Gabriel Ocina, Alfonso Diez, Idoia Merodio, Aitor Borobia, Adrian Garcia de los Ojos edota Mikel Martinez artistekin izan da azalpenak ematen. Bertan ere izan dira Betitxe Saitua jantzien diseinuaz (proposamen garaikide eta androginoa) ardura hartu duena, Ama Kuraia lanerako espazio eszenikoa egin duen Jose Luis Raymond, karakterizazioa landu duen Ana Vega aditua, edota Jon Zabala musikaria.

Arriaga Antzokiaren ekoizpen propio garrantzitsuena duzue Bertolt Brechten Ama Kuraia, datorren hilean estreinatuko dena. Martxoaren 18tik 22ra izango da gazteleraz, eta 25etik 28ra euskaraz.

Bertolt Brechten Ama Kuraia eta bere seme-alabak klasikoan oinarritutako lana “antzerki klasiko oinarrizkoa da XX. mendean, antzerki obra handia baita, poesia, amorrua, biolentzia, denetarik baitu, eta gizateriari aportazio handia egiten baitio” esan du Arriaga Antzokiko zuzendari artistiko Calixto Bieitok.

Goiricelaya zuzendariak esan du “geure estiloa eman diogu obrari, idazleak jarritako testuingurutik aterata. Azkenean, obra lehor eta gogorra lortu dugu, baina era berean oso garbia.” Eta hala da, gerra izango da gai nagusia, nolako gerrak halako desastreak: “gure gerrak horrelakoak direla erakusten duen metafora: gero eta garbiagoak eta teknologikoagoak”.  Eta gerraren beste biktima bat ere aipatu da: emakumea. “Emakumeak beti izan dira gerren alboko kalteak. Ama Kuraia honetan gerrari eta gerrak sortzen duen negozioari buruz egiten da berba, baina ez dira gerrako arma gisa erabiltzen diren bortxaketak ahazten.”

Musika eta eszenografiaren plastika ere bereziak izango dira eta euskal kulturaren aipamen zehatz dezente agertuko dira; euskal eskulturak paper garrantzitsua beteko du. Musikari dagokionez, Carlos Imaz maisuak zenbait musika eta ahots moldaketa egin ditu, eta obran, Urko Sangronizen zuzendaritzapean Bilboko Koral Elkarteko Euskeria Korua arituko da.

Diogun bezala, gaztelaniazko eta euskarazko bertsioak izango dira. Testua euskaratu da oinarrizko antzezlan hauek korpus bat osatu behar dutelako euskarazko antzerkigintzan, oso kontu garrantzizkoa baita. Kepa Errastiren lana izan da hori, eta testua euskarazko bertsiorako egokitzeaz gain, zuzendaritza laguntzaile gisa ere aritu da.

“Gerra negozioen jarraipena baino ez da, beste medio batzuk erabiliz, baina gerran negozio handiak ez ditu jende umilak egiten, eta gerran gizakien bertuteak hilkor bilakatzen dira”. (Bertolt Brecht)

Ama Kuraia euskaraz ikusteko aukerak, martxoaren 25, 26, 27 eta 28, ez ahaztu. Gainera, euskarazko emanaldiak hasi baino ordu erdi lehenago, Ama Kuraia eta bere autore Bertolt Brecht mintzagai izango dituen solasaldia eskainiko du Zenbat Gara Elkarteko Xabier Monasteriok.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button