IKUS-ENTZUN

“Maniac” eta “Deus et machina” garaile, FANT zinemaldian

Iragan maiatzaren 10ean iragarri zuten FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren palmaresa; Franck Khalfoun zuzendari frantsesaren Maniac film luzea izan da garailea.

Horretaz gainera, Film Labur Onenaren Saria ex aequo irabazi dute Koldo Almandoz donostiarraren Deus et machina filmak eta Jose Luis Alemanen Hotel-ek; Euskal Film Labur Onenaren Saria, berriz, Alberto Vazquezen Sangre de unicornio lanak jaso du. Zinemaldiko ikus-entzuleen saria, halaber, Diego Modinoren Efímera film laburrak irabazi du. 

FANTeko epaimahaiak Maniac lanari eman dio Film Luze Onenaren Saria, “ikus-entzuleak hiltzailearen buruan era bitxian sartzeagatik eta beldurrezko zinearen erreferentzia klasikoa berriro asmatzeko erakutsi duen gaitasunagatik”. Elijah Wood protagonista duen 1980ko izen bereko filmaren remake odoltsua laster izango da ikusgai Estatuko zine aretoetan. Alexandre Ajaren eta Gregory Levasseur-ek idatzi dute Frantziako eta AEBetako ekoizpenaren gidoia.

Jose Luis Alemanen Hotel lanarekin batera, Film Labur Onenaren Saria jaso duen Almandozen Deus et machina filmari buruz, honakoa azpimarratu du epaimahaiak: “metafora xumearen eta bitxiaren bitartez, Jainkoa bera ere, agian, korporazioen boterearen esku egon daitekeela erakusten du”.

Azkenik, Euskal Film Labur Onenaren Saria jaso duen Alberto Vazquezen Sangre de unicornio lanaren inguruan ondokoa nabarmendu dute epaimahaikideek: “gizakiaren krudeltasuna zuhurtasunez betetako elkarrizketen eta naif estetikaren bitartez adierazteko duen ahalmena”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button