Nontzeberri

Alfred Hitchcock, suspensearen arkitektoa

Titulu iradokitzaile horrekin abiatu da hil honetan Iruñeako Civivox Iturrama zentroan, Alfred Hitchcock zuzendariari buruzko zikloa. Urtarrilean eta otsailean, hainbat film pantailaratzen ari dira. Proiekzio guztiak DVDn ematen dira, eta gaztelaniara bikoiztuak.

Lehen film-emanaldietan Lifeboat (1944) eta North by Northwest (1959) lanak ikusi ahal izan dira. Otsailean, beste bi ikusteko abagunea  egongo da.

To Catch a Thief (1955) otsailaren 11n emango dute. John Robie Katua-k utzi egin dio bitxiak lapurtzeari, baina Frantziako Riviera eskualdeko hotel luxuzkoenetan harribitxiak lapurtzen dituztenean, poliziaren ustez huraxe da susmagarri nagusia. Paper nagusiak, Cary Grant eta Grace Kelly bikotearen eskutik.

Azkenik, otsailaren 25ean, film handi bat ikusteko aukera egongo da:  Psycho (1960). Neska idazkari gazte batek lapurreta egin du bere enpresan, eta ihesean doa. Autoa denbora luzean gidatu ondoren, errepideko motel txiki batean geratuko da atseden hartzeko. Norman izeneko gazte isil bat da arduraduna. Denak du itxura normala eta lasaia, bai motel baztertuan, bai Norman amarekin bizi den aldameneko etxean; gauzak, ordea, ez dira diruditenak. Anthony Perkins aktorearen maisulana.

Exit mobile version