MUSIKA

“Musika dibertigarria da” kontzertu didaktikoak

Bilboko Udaleko Kultura Sailak Musika dibertigarria da programa abiatuko du hil osoan zehar. Ekimenaren helburua gure hiriko biztanleen artean musika klasikorako zaletasuna piztea da, eta horretarako, maiatzean, Abando-Barrainkuako Udaltegiak, hiru kontzertu didaktiko eta familia osoarentzako saio bat eskainiko ditu.

Gaur bertan jarriko da martxan 2princesesbarbudes taldeak interpretatzen duen Gaueko entziklopedia koxkorra euskarazko ikuskizunarekin. Ikuskizunak “clowna eta objektuen antzerkia gure garaiko eta beste garai batzuetako abestiekin eta musika erritmo anitzekin uztartzen ditu”.

Maiatzaren 13an izango da bigarren kontzertu didaktikoa Khantoria soka hirukotearen eskutik. Hirukotea klabezinak (Virginia Gonzalo), biolinak (Ander Berrojalbiz) eta biolak (Maider López) osatzen dute, eta Klabezinbaloa lagunduz ikuskizuna eskainiko dute.
Hurrengo saioa (maiatzaren 20an) lirikaren inguruko kontzertua izango da Vodevil hirukotearen Life is a cabaret ikuskizunarekin. Interpretazio kalitate bikaina Iñaki Belaskok pianoan lagunduko dituen Leire Rivas sopranoarekin eta Adhara Martínez mezzosopranoarekin.

Musika dibertigarria da programa maiatzaren 27an amaituko da, euskal musika herrikoian aditu handia den Juan Mari Beltranekin. Kontzertu horretan zenbait musika-tresnaren funtzionamendua eta jatorria ezagutzera emango ditu: xirula, txistua, dultzaina, danbolina, txalaparta, Ttun-Ttuna, rabela edo alboka, besteak beste.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button