LITERATURA

Alberto Irazuren “Rocka puntua!” liburuaren aurkezpena, Donostian

Bertsoa eta rockaren arteko harremanari buruzko saiakera lana aurkeztuko du Alberto Irazu (Andoain, 1970) idazle eta kazetariak, Egian Euskaraz elkarteak antolatuta.

Pamiela argitaletxearen arabera, “batzuetan kronika itxuraz, bestetan fikzioarekin jolasean, abestietatik bertsoetara eta bertsoetatik abestietara saltoka dabilen hausnarketa lan irudimentsua da honakoa”. Bertsoaren eta rockaren arteko harremanak azken hiru hamarkadotan emandakoa ekarri du autore andoaindarrak, dokumentazio lan handia eginez eta idazkera bizia erabiliz.

Pamiela argitaletxearen arabera, “(…) Zer ez da aldatu ordutik hona! Uztapidek imajinatu ezineko parabola osoa gertatu da berrogeita hamar urteotan: lehenbizi euskara sartu zen rock eta twist izeneko lurralde arrotzetan, ondoren bertsoa barneratu zen hor barruan, eta behin bertsoa doinu horietan ezkutatuta, pop rock kulturako abesti bakan batzuk bueltan etorri dira bat-bateko bertsolaritzara”.

80ko hamarkadan Euskal Herrian sortutako Karkaxa hardcore taldeko partaide izan zen Irazu, gero beste talde batzuetan ere aritu zen, tartean, Captain Nemo. Ogibidez kazetaria, hau da bere lehenengo lan luzea.

Bere saiakera lan berriaren aurkezpenaren ondoren solasaldia egongo da. Hitzordua, irailak 26, asteazkena, Donostiako Luis Martin Santos Plazan, 19.00etan. Igor Elortza bertsolariaren aburuz, “Tesi mamitsu, dokumentazio lan handi eta idazkera oneko liburua da Rocka puntua!”.

https://www.donostiakultura.eus/index.php?option=com_flexicontent&view=items&cid=33&id=74972&Itemid=21&lang=eu

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button