ESZENA

Akrobazia arriskutsuen bi ikuskizun asteburuan, ACT jaialdiaren eskutik

Maiatzaren 29tik ekainaren 1era arte garatuko da aurtengo ACT, Eszena Berritzaileen Nazioarteko Jaialdia. Aurtengoa XVI. edizioa izango da eta arriskua ardatz hartuta, 22 lan eszeniko eskainiko ditu ohiko agertokietan: Kafe Antzokia, Guggenheim Bilbao Museoa, Barakaldo Antzokia, Bizkaiko Antzerki Ikastegian eta aurrenekoz, Bagatzako Zirkodromoan.

Asteburu honetan eta aurrerapen gisara, hala ere, bi ikuskizunez gozatzeko aukera izango da jaialdiaren eskutik. Hala, bihar ostirala, maiatzaren 24an, eta igandean, maiatzaren 26an, Bizkaiko Antzerki Ikastegiko ikasleak antzokietako hormak gainditu eta kalera aterako dira, ikusleak aho zabalik geratzeko moduko akrobazia arriskutsuen ikuskizunarekin. Barakaldoko herriko plazan izango da ostiralean lehenengo hitzordua, 17:30etan hasita. Eta ikuskizun bera, Bilboko Unamuno plazan aurkeztuko dute, igandean, maiatzaren 26an, 12:30ean. Ikuskizuna hirien erdiguneko kaleetan zehar egingo da.

Gainera, maiatzaren 28an, asteazkenez, dantza ardatz izango duen dokumentalaren doako aurrebista bat eskainiko du jaialdiak, 20:00etan, Bilborock Aretoan.

ACT, Nazioarteko Eszena Berritzaileen Jaialdiaren XVI. edizioak, malabareak, dantza, zuzeneko musika, txotxongiloak, performancea, zirkoa edota antzerkia eramango ditu oholtzara, beti ere proposamen eszeniko garaikideak eta berritzaileak erakusteko asmoz.

Antolatzaileen esnetan, “arriskuaren ideia ardatz hartu dugu edizio honetan, arriskua giza jardueraren katalizatzailea dela ulertzen dugulako, berrikuntzarako ezinbesteko, ikerketarako berezko eta hizkuntza eta gai berriak proposatzeko beharrezko”.

ACT, Nazioarteko Eszena Berritzaileen Jaialdiaren XVI.edizioak proposatzen duen programazioa kontsultatzeko, hemen.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button