ESZENA

Aizpea Goenagaren “Esquinas” obraren irakurketa dramatizatua, Bilboko Campos Antzokian

Maria Urcelay zuzendariak Aizpea Goenagaren Esquinas antzerki-lanaren irakurketa dramatizatua burutuko du Bilboko Campos Antzokian.

Ume zein gazteentzako hamaika lan kaleratu dituen Aizpea Goenaga antzerkigilearen Esquinas lana aukeratu da aurtengo ediziorako, SGAE Fundazioak Antzerkigintza Laborategian hautatua. Hala, Maria Urcelay arduratuko da Goenagaren obrari bizia ematen, baina gurean ezagunak zaizkigun beste interprete batzuekin batera arituko da: Leire Ucha, Miriam Martin, Loli Astoreka, Alfonso Diez, Alberto de la Hoz eta Nerea Elizalde, hain zuzen.

Estatuko beste sei hiri ezberdinetan ere errepikatuko da antzerkigintza garaikidearen erakustaldia azaroan zehar, eta Avilés, Las Palmas de Gran Canaria, Madril, Murtzia, Santiago de Compostela  eta Valentzia ere bisitatuko ditu emankizunak, 15 saio egingo direla guztira. Bilboko hitzordua, bihar, azaroaren 22an, ostirala, 19:30ean izango da.

Aizpea Goenagak (Donostia, 1959) idatzitako Esquinas lanean, garai desberdineko hiru sasoitan gertakari berak pertsonaia bakoitzean erantzun berezi bezain pertsonalak sorrarazten dituen emozioak eta ondorio ezberdinak uztartzen dira. “Historia garaikidearen berrirakurketa baten aurrean kokatu nahi izan dut ikuslea” azaltzen du antzerkigileak, “saminari aurre egiteko kapaz diren hiru emakumezko ezberdinen kasuak hartuta”.

Maria Urcelay (Bergara, 1977) bestalde, EHUn Kazetaritzan Lizentziatua eta Basauriko Antzerki Eskola desagertuan Arte Dramatikoa ikasi zuen. Etengabeko formazioan jarraitzen du eta dantza, klown, butoh, inprobisazioa, zuzendaritza lanak egin ditu, besteak beste. Antzergintzari dagokionez, erabateko lanak burutu ditu, norberarenak eta beste hainbatenak ere, antzezle, zuzendari edota testu-egile gisa. Hortzmuga, Fabrica de Teatro Imaginario, Khea Ziater, Arriaga Antzokia eta abarreko muntaietan parte hartu du, telebistako zenbait saioetan bezalaxe: Goenkale eta Eskamak Kentzen telesaioetan, adibidez.  Pagafantas (2009) filmean eta El Precio de la Libertad (2011) telebistarako seriean ere lan egin du, eta egun, Radio Euskadiko Graffiti saioan kolaboratzaile lanak egiten ditu.

SGAE Fundazioak antzerkigintza garatu eta sustatu nahi du ekimen honekin eta eginkizun horri erantzunez, dagoeneko klasiko bat bilakatu dira Irakurketa Dramatizatuak. Hala, 250 testu eskenaratu dituzte dagoeneko eta 200 egile baino gehiagok parte hartu dute, 25.000 ikus-entzuleren erantzuna jaso ere.

Informazio gehiago hementxe duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button