MUSIKA

“Aitzina Folk” jaialdiak folk musika proposamenez beteko du Gasteiz

Folk musikaren jarraitzaileek badute Gasteizen asteburuan musika estilo horrekin gozatzeko aukerarik. Izan ere arabar hiriburuan pasa den hilabetetik garatzen ari den Aintzina Folk jaialdi solidarioaren harira, 20 jarduera eta lantegitik gora ondu dituzte hiriko zazpi gunetan banatuta, kalitatezko musika proposamenak eta folk talde erreferente nagusiak bildu dituena.

Aitzina Folk jaialdiak bi helburu ditu:  Batetik folk musika zabaltzea, musika eta dantzarako kontzertuak eta bestelako jarduerak eta tailerrak eginez; eta bestetik, Ataxia Telangiectasia izeneko gaixotasun arraroa ikusarazteaz gain, hori ikertu eta sendabidea lortzeko funtsak biltzea. Izan ere, Euskal Herrian gaixotasuna duen gasteiztar ume bakarra bazegoen, aurten Amurrioko beste bati diagnostikatu diote.

Hala, gaur berton,  abenduaren 13an, Alos Quartet taldearen kontzertu ederra eskainiko da, iluntzeko 20:30etatik aurrera, Pincipal Antzokian. Taldea bere 20.urteurrenaren harira berriro elkartu da eta diskoa grabatu eta kaleratu ere. Hala, bere Lau (2019) laugarren lanaren aurkezpen kontzertua izango da, baina bere aurreko lanetako kantarik ere ez dute baztertuko.

Gainera, Xabier Zeberio, Lorena Nuñez, Francisco Herrero eta Ivan Carmona ez dira bakarrik igoko agertokira. Izan ere, ikuskizun berezia eskainiko du taldeak, Alos Quartet & Lagunak, aspaldiko lagunak igoko baitira oholtzara: Oreka TX, Aukeran Dantza Konpainia, edota Amaia Elizaran koreografoa ere. Musika kontzertua ez ezik, beraz, dantza ikuskizunaz ere gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Larunbateko egitaraua, aldiz, folka herri musikarekin uztartuko den eskolen  laugarren topaketarekin hasiko da Jesus Guridi kontserbatorioko auditorioan. Entzunaldiak, goizeko 11:30etatik 13:00etara izango dira, eta gaztetxoenek euren emanaldiak eskainiko dituzte bertarako gonbidapen txartela eskuratu dutenen aurrean.

Iluntzean, berriro folk musikako bi izen handik hartuko dute txanda:  Gaztela-Leonetik datorren Castellanas, bi biolin eta ahotsek osatutako folk musikaren ensemblea;  eta  Garadice taldea, Irlanadako folk musikaren talde erreferente bat. Beñat Etxepare zentroan izango da  kontzertua, 19.00etatik aurrera.

Berebat, igandean asteburua familiarteko goxotasunean bukatzeko, Printzesa, dragoi eta zaldunentzat , haurrentzako Erdi Aroko musika  ikuskizuna, Gasteizko bi artisten eskutik. Bi emanaldi eskainiko dituzte: 12:00etan goizez; eta 17:30ean arratsaldez.

Ondoren, 18:30eatik aurrera, Trakamatraka ikuskizunaren txanda izango da: musika aniztasuna, sormena eta irudimena, birziklatzea eta ingurumenarekiko errespetua bateratzen dituen proiektua. Tailer eta kontzertu didaktiko bidez musika modu erakargarrian hurreratzen dugu eta, aldi berean, birziklatze-kontzientzia lantzen dugu.

Hurrengo  ostiralean izango du egitarauak jarraipena eta folk musikaz gozatzeko beste talde handi batzuk osatuko dute egitaraua: Kalakan, Xabi Aburruzaga edota Ahaire Ahizpak Euskal ordezkaritzan; eta Milladoiro (Galiza) eta RIU (Katalunia) eta  Eleanor Shanley (Irlanda)taldeak.

Horietaz gain, Oihaneder Euskararen Etxean, Artium  Aretoan, Santa Maria Katedralan, Principal Antzokian, Jesus Guridi Kontserbatorioan eta  Iparralde Zentroan ere abenduko egun ezberdinetan beste hainbat talderen emankizunak ere egongo dira.  Eguberriarekin lotuta, esaterako,  Natívitas taldea, Boreas Cámararen ganbera musika, The Sorry String Band taldearen jazz doinuak, edota Eltziegoko Gaitariak, besteak beste.

Egunez eguneko programazioa, sarrerak eskuratzeko eta gainerako  informazio osoa, hementxe duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button