EZLEKUBAT

Aitor Basauri: “Arazoa politikoengan eta beren politiketan dago”

Aitor Basauri munduan zehar antzerkia egiten dabilen bertoko mutila da.  Sevillan hartu zuen prestakuntza eta Andaluziako zenbait taldeetan parte hartu zuen. Londresera lan egitera joan zen eta Suizako antzerki konpainia batean topatu zuen lana.  Lagun batzuekin Spymonkey taldea sortu zuen. Umorea eta antzerki fisikoa landu du batez ere. Munduan zehar ibili ostean, Aste Nagusian, Bilbora etorriko da lan berri batekin, Pasion sin puñales. Horretaz egin dugu berba berarekin.

Aktore, clown, performer? Zelan definituko zenuke oholtza gainean egiten duzun lana?
Uste dut denetarik naizela apur batean. Agian, Performer/Interpretea da gehien definitzen nauena. Neu ez naiz oso aktore ona, aktorea baldin bada pertsonaia bilakatzen den norbait. Nire lanik ohikoena clown/aktore lana da. Clown-a naiz jendeak barre egitea nahi dudanean eta aktorea clown lanerako antzezpena erabiltzen dudanean.



Zer da zailena eta errazena zure lanean?

Zailena da lana preparatzea eta kontratatzen zaituzten pertsonen espektatibei erantzutea. Hauek beti pentsatzen dute arrakasta aseguraturik dagoela, baina huts larria da hori. Guk arrakastaren formula edukiko bagenu ez genuke inorentzat lanik egingo.
Eta errazena, zerbait esateagatik, eszenatokira ateratzea da. Errazena dela diot dibertigarriena delako. Beti ez da ondo egiten baina sikiera dibertitzen zara.

Ze irakasle, maisu edota erreferente izan dituzu zure ibilbide artistikoan zehar?
Nire maisua Philipe Gaulier da. Parisen eskola bat dauka eta clown eta buffon irakaslea da. Niretzat da inoiz izan dudan irakaslerik onena, eta etengabeko inspirazioa da.
Bestelako eraginak, Cal MacCrystal, nire ibilbidean gehienetan lan egin dudana eta beste aldetik, Spymonkey taldeko nire lagunak, izan dira.
Eta erreferente bezala, Duchamp, Robert Lepage, Colombaioni, Buster Keaton eta Amerika eta Inglaterrako vaudevillea.

Umorean izan duzun ibilbidea eta eskarmentua kontuan hartuta, umorearen unibersalitateaz mintza gintezke? Oso ezberdinak dira zure obrak gozatzera doan publikoaren erreakzioak?
Nik pentsatzen dut umorea unibertsala dela gizatiarra den heinean. Zenbat eta gizatiarrago izan zure umorea (gizakion izaeraren ezaugarri komuna ergelkeria da), unibertsalagoa izango da, horrexegatik Mike Mier eta Nemoren laguna bezalako elementuek mundu osoari barrea eragiten diote.
Baina kultura/hezkuntza ezberdinak dira ezberdintasun hauek sortzen dituztenak. Kultura bakoitzak (giza-sorkuntza bat) barreari eta umoreari trabak jartzen dizkio, zerbait animalia delako. Eta aspektu horretan hasten dira ezberdintasunak gauzatzen.
Gure ikuskizunetan maila, geruza ezberdinak daude, eta maila hauetan barre ezberdinak bizi dira.



Las Vegas-en bizi izan zara eta bidaiak egin dituzu Alemania, Suitza, Herbehereak, eta Australia herrietatik. Nola ikusten duzu antzerkia Euskal Herrian? Beharrezkoa da kanpora joatea lan egin ahal izateko? Teatroaren kultura badugu?

Nik Euskal Herriko antzerkiaren egoera oso pobre ikusten dut. Ez dut gaizki ikusten. Talentu handiko jende asko ezagutzen dut, eta lan jenialak egiten duen jendea ere bai, baina problema da ez dietela uzten. Arazoa politikoengan eta beren politiketan dago entretenimenduaren industria edota antzerkia gaizki tratatzen dutelako. Ezagutzen ez duten industria delako gaizki tratatzen dute,  eta horrek esan nahi du baten bat kanpotik etorri beharko litzatekeela erakusteko zelan egiten den, eta horretaz gain, inbertsio handia.
Euskal Herrian denda bat zabaltzen duzu edota enpresa txiki bat sortzen duzu eta administrazioak diru-laguntzak ematen dizkizu lana sortzen ari zarelako. Aurten Euskal Herrian muntaia bat egin dugu eta Kultura Sailak benetako kostuaren %20 eman digu. 13 pertsona baino gehiago kontratatu ditugu. Ez dugu Industria Sailetik inolako laguntzarik eduki.  Entretenimenduaren industrian lan egiten duten pertsona gehienek ez dute Euskal Herrian lan egiten.
Nik ez dut uste Euskal Herritik kanpo ateratzea beharrezkoa denik, nik uste dut lagungarriagoa dela eta gehiago ikasten dela kanpoan, hemen industriarik ez dagoelako. Konparatzen duzu zure burua eta ikasten duzu.
Ez dut uste teatroaren kultura nahikorik dugunik, erraldoiak eta buruhandiak, zarzuela, Bilboko jaietako antzerkia. Maskaradak eta kalejirak dira gure herrietako antzerki ikuskizunak. Horixe da antzerkiaren kultura.

Spymonkey taldea zelan sortu zen?
Suitzako ikuskizun handi batean lan egin ostean, bi lankide ingeles, aleman bat eta laurok, zerbait intimoagoa egin nahi genuela erabaki genuen, ikuskizun bat non ikuslea gertuago egongo zen, non ikuslea ikusi eta sentitu ahal izango genuen. Uda hartan, Frantziako herri txiki batera joan ginen eta Spymonkey taldea sortu zen.



Eta nola sortu zen Coloniales y Salazones konpainia sortzeko ideia? Zein da proiektu honen nondik norakoak?
Coloniales y Salazones Jon Ariño, Eguzki Zubia eta hirurok sortutako antzerki konpainia da, Londresen bezala komedia eta barrea lantzen saiatzeko. Jon eta Eguz Londresen egiten genuen lana ikustera etorri eta gero sortu zen ideia. Entretenimenduaren industria ikusteko modu ezberdinak erkatu, nahastu eta  ikasteko ideian pentsatuz, Euskal Herria eta mundu bazterrak lotuko zituen zubiak eraikitzeko proiektu bat muntatzen hasi ginen. Ia 100.000 euro gastatu dugu krisialdi honen erdian eta ez dugu funtziorik izan, eta espektakulua oso ona eta barregarria da. Cal MacCrystal-ek zuzendu du Circo del Sol-eko clown-en zuzendaria. Orain arte hiru funtzio egin ditugu, aurre-estreinaldiak, eta jendeak barre dezente egin du, baina programatzaileak beldur dira eta ez gaituzte kontratatzen.

Orain Pasion sin puñales izeneko obran lanean ari zara Madrilen, (Rossy de Palma, Cal MacCrystal,…) Bilboko Aste Nagusian ikusi ahal izango dugun obra, hain zuzen ere. Zer kontatu ahal diguzu honetaz?
Lan hau argumentu batek lotzen dituen ikusgarri batzuek osatzen dute, publikoa entretenitzeko. Udako ikuskizuna da, transgresorea, dibertitu nahi duena, lotsagabea, eta seduktorea izanik, arrisku pittin batekin, gainera.
Rossy de Palma Bilbon izango da, eta harrigarria izango da, oso barregarria eta dibertigarria delako. Cal MacCrystal-ek barrez lehertzeko une barregarriak sortuko ditu eta nik show-a aurkeztuko dut Bilboko Etxetxoan Rossy de Palmarekin batera eta Bilbo osoak dibertitzeko, kopatxo bat hartzeko eta amesteko abagunea izango du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button