BERTSOTAN

Xilaba: Sustrai Colina onena, Baigorrin

Sustrai Colina 388,5 punturekin izan zen onena Xilabak Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko bertsolari txapelketak Baigorrin ondu zuen saioan.  Muskilditik pasa ondoren, joan den larunbatean Baigorrin izan ziren Xilabako bertsolariak: Sustrai Colina, Odei Barroso, Miren Artetxe, Xumai Murua, Aitor Servier, eta Egoitz Zelaia.

Diogun bezala Sustai onena izan zen eta atzetik Odei Barroso eta Miren Artetxe sailkatu ziren.

Ohikoa den bezala, Xilabako lagunek oso kronika zehatz eta dibertigarria bidali digute: “8ko haundiko ariketarekin hasi ziren, ohi den bezala, Aitor eta Sustrai, lizeoan mozorrotuak ziren bakarrak izanki, apirileko arraina sasoinez kanpo gertatu zitzaiela aipatuz. Odei eta Xumaik alaba homosexualaren ixiltasuna konfidantza faltaren marka gisa hartu zuten ta Miren ta Egoitzek Kolonbiako eta Euskal Herriko bake prozesuak izan zituzten aipagai besteak beste ariketa hunen bukaeran.
8ko ttipian, Egoitzen xixtuarekin irria sortu zen publikoan, Aitorrekin oreinen oihua entzun beharrean xoriaren kantua zuela beharrietan. Miren eta Odeik Odeiren gaueko hitzak zituzten eztabaidagai, ta Odeiren ametsetako Katixa baten aipamenak kexaturik zaukan Miren. Xumai ta Sustrai berriz, ostatuan bakarrik, lagun ezkondu eta burraso bihurtu guzien deserzioa dela medio, bi txupeten beharrean bi txupito nahiago zituztela.
Xilaban berria den bakarkakoen ariketa izan zen saioko momenturik hunkigarriena, bertsulari guziek utzi zuten beren herexa gure gogoetan. Besteak beste Aitorren langabezia urteen ondotik edozoin lanen onartzeko prestutasuna, Sustrai Baigorriarrak azken errefuxiatuaren agurtzean ixuri malkoa, Xumaik izara arteko anonimoari eskaini agur apala, Odei maratoilariaren gorputzaren mugak hunkitu beharra, Miren haurdun frogaren erantzunen zain, nahi duen ala ez duen ere ez dakiela eta azkenik Egoitz, sustengu gaualdi batean kantatutako bertsularia, hiru garagarno ta irripar batekin etxeratzen zela.
Kartzelaren tenorea jin zenean, 10eko ttipiko ofizioa izan zuten egin beharreko lan. Gaiak umoretik kantatzera behartu zituen denak, paraxutez elgarri loturik egin zutela jauzi eta paraxutea ezin idekia zela. Hiru bikoteak ibili ziren zeruan behera, elgarrekin hiltzeari kantatzen, batzuentzat plazerrik gabeko gertakaria, besteentzat ohorea. Hala nola Mirenek Sustrairi kantatu zion harekin hiltzearekin betan heroe nazionala bihurtuko zela. Batzuk erortzearen abiadura haundia ahoan, besteek ttipia, batzuek beldurretik, besteek itxaropenetik eta denek umoretik hartu zuten gaia”.

Izturitzen, urriaren 15ean, izango da bigarren finalaurrekoa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button