ARTEA

Aire zabaleko XV. pintura lehiaketa Amorebieta-Etxanon

Enrike Renteria margolariaren omenez abiatuko da igande honetan, uztailaren 8an, aire zabaleko XV. pintura lehiaketa Amorebieta-Etxanon. Gainera, betiko aire zabaleko pintura lehiaketaz gain, aurten Zintzilik izenekoa ere egingo da eta honek herriko balkoietan jarritako obrarik onena sarituko du. Lehiaketa Zornotza Kultura eta Arte Elkarteak antolatu du Ametx Fundazioaren laguntzarekin.

Lehiaketan parte hartzeko bi aukera egongo dira. Esan dugun bezala, betiko aire zabaleko pintura lehiaketa izango da eta bestea, Zintzilik izenekoa, non herriko balkoietan jarritako obrarik onena sarituko den.

Aire zabaleko pintura lehiaketa Amorebietako erdigunean eta Etxanoko erdigune historikoan egingo da.  Parte-hartzaileek mihiseak Zelaieta Zentroan zigilatu beharko dituzte, goizeko bederatzietatik hamaiketara bitartean. Lehiatzaile bakoitzak obra bakar bat aurkeztu ahal izango du eta teknika eta neurri jakinik ez da egongo. Lanak arratsaldeko bostak arte aurkeztu ahalko dira. Epaimahaiaren erabakia arratsaldeko seietan jakinaraziko da.

Guztira zortzi lan sarituko dira eta lehenengo saria 600 eurokoa izango da, bigarrena 400 eurokoa eta hirugarrena 350 eurokoa. Gainera, 14 urtetik beherako guztiek sari bat jasoko dute.
Saritutako lan guztiak antolatzaileen esku geldituko dira eta uztailean Zelaieta Zentroko erakusketa aretoan ikusgai egongo dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button