LITERATURA

Gorputza bataila-eremu gisa

Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturgunean, Eztabaidak Literaturarekin XXI. Mendean zikloaren hitzordu berri bat antolatu da gaur, apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Bertan, Marta Sanz eta Rosario Villajos idazleek parte hartuko dute, eta EHUko katedradun eta literatura frantsesean aditua den Rosa de Diego arituko da moderatze-lanetan

Gaurko gaia, Gorputza bataila-eremu gisa izango da, eta horren inguruan hausnarketa egingo dute protagonistek hari hauetatik tiraka: gorputzak sentsualitatean eta edertasunaren pertzepzioan duen egitekoa, indarkeria fisikoa, sexu- eta gizarte-identitatea, denboraren joana eta gorputzaren irudikapena eta sentsazio fisikoak literaturan.

Marta Sanz Filologian doktorea da. Irakaslea izateaz gain, literatur kritika eta idazle-lanbidea jorratu ditu. 1995ean El frío argitaratu zuenetik, narratiba, poesia eta saiakera uztartu ditu. Hainbat sari eskuratu ditu, tartean, Herralde eleberri saria, Narratibaren Begi Kritikoa edo kontakizunen Vargas Llosa XI. Saria. Nadal Sariko finalista ere izan da.
Rosario Villajos idazleak Face eleberri grafikoa du argitaraturik, bai eta  Ramona, La muela eta La Educación Física eleberriak  ere.

Topaketa horretaz gain, Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko, eta ohikoa den moduan, Azoka egingo da Bilboko Berastegi kalean. Azoka Euskadiko Liburu Ganbarak antolatu du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button