LITERATURA

“Gutun Zuria” jaialdiak itzulpengintzari buruzko gogoeta egingo du

Aurtengo Gutun Zuriak Anjel Lertxundi idazlearen Itzuliz usu begiak saiakeran inspiratutako titulua izango du, eta hala, martxoaren 28an, 29an, 30ean eta 31n eta apirilaren 1ean eta 2an itzulpengintzaz hausnartzeko bazka luzatuko du. Jaialdia “etengabe itzultzen ari den mundu bati begiratzen dio, ez bakarrik fenomeno literario gisa, baizik eta munduan egoteko modu gisa”.
Jaialdiak hogeita hamar proposamen baino gehiago ondu ditu “hitzaren inguruko eztabaidak eta gogoetak zabaltzeko, filosofia edo historia bezalako esparruetatik hainbat gai jorratzeko, hala nola kulturen eta sentsibilitateen arteko loturak, ama-hizkuntzen zeregina, itzulpenaren eta idazketaren arteko harremana, literatura generoen mugak, Atlantikoaren ertzetako zubiak, edo itzultzaileen zeregina”.

Programa arratsaldetan gauzatuko da, eta elkarrizketa saio bikoitza izango da Azkuna Zentroko Auditorioan. Diogun moduan, martxoaren 28an inauguratuko da ekimena Santiago Auserón musikari eta idazlearen eta Iñaki Esteban kazeteriaren arteko Escribir el sonido izeneko solasaldiarekin.

Hurrengo egunetako saioetako batzuk hemen dituzue: martxoaren 29an, Padre, Patria, Patriarcado izenburupean, Cristina Morales, Uxue Alberdi  eta Elaine Vilar Madruga, Consonni ekoiztetxe artistikoko Maria Mur zuzendariarekin batera arituko dira. Egun horretan ere, Gabriela Wiener eta Bibiana Candiak hartuko dute parte Colonialismos mutantes elkarrizketan.
Martxoaren 30ean, Fantasmas en el libro: Pensar la traducción izenburupean, Marian Ochoa de Eribek, Javier Calvok eta Koro Navarrok, Beñat Sarasola idazle eta ikerlariarekin batera, itzulpenak kultura, forma eta literatura ezberdinen arteko zubi izateko duen gaitasunaz hausnartuko dute. Horren ostean, Theodor Kallifatides, Bashkim Shehu eta Jhumpa Lahiri bilduko dira El viaje circular: regreso a la lengua materna  topaketan.
Martxoaren 31n, 19:00etan, Miren Agur Meabe  eta Eduardo Mogak bi literatura-lanei buruz hitz egingo dute, Escritura y traducción: frunces, puntadas, pliegues saioan.
Apirilaren 1ean, 19:00etan, Edurne Portelak, Laura Fernandezek eta Aloma Rodriguezek Un desvío americano, dos novelas trasatlánticas izeneko topaketan hartuko dute parte. Auditorioko topaketak apirilaren 2an, larunbata, amaituko dira, eta 17:30ean, Autoitzulpena: bi eskuz idaztea izenburupean, bertan Unai Elorriaga, Xuan Bello eta Yolanda Castaño idazleak bilduko dira. Gaiari buruzko doktore-tesiaren egilea den Garazi Arrula itzultzaile, idazle eta editoreak gidatuko du solasaldia.
Azkenik, Kirmen Uribe eta Sara Mesa idazleen arteko Géneros literarios fluidos: de la ficción a la no ficción topaketarekin itxiko da elkarrizketen programa.
Afrika Bibang abeslari bizkaitarrak amaiera musikala emango dio jaialdiari Auditorioan emango duen kontzertuarekin.

Goikoez gain makina bat jarduera paralelo ere atondu dira. Horien guztien eta programazioaren gaineko jakingarri guztiak hemen dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button