MUSIKA

Anxiety eta Gaitze punk taldeek Getariko gaztetxean joko dute

Hardcore eta punk doinu oldarkorren jarraitzaileek hitzordu interesgarria dute bihar Getariko gaztetxean, 21:00etatik aurrera: Eskoziako Anxiety eta Azpeitiko Gaitze. Biek ala biek lan berriak aurkeztuko dituzte.

Anxiety talde eskoziarrak La vida es un mus diskoetxeak argitaratutako lan homonimoa aurkeztuko du. Zigilu horren arabera, Anxietyren proposamenak Butthole Surfers eta Sonic Youth indie talde mitikoen ondaretik edaten du, hardcore talde garaikideekin osatua. Getarian aurkeztuko duten diskoa haien lehenengo grabazioa da, hogei minututan bederatzi kantu bildu dituzte. Ahots distortsionatuak eta armoniarik gabeko hardcorea dira taldearen ezaugarri nagusiak.

Gaitze, berriz, Azpeitiko hardcore talde basatia da. Oraintsu, haien estreinako lan homonimoa plazaratu dute Discos Enfermos diskoetxearen bidez. Karkaba bandako bi taldekide ohik jotzen dute Gaitzen, eta haien jarioan 1980ko hamarkadako hadcore talde europarren zantzuak antzematen dira.

Zigiluaren arabera, “Karkaba Euskal Herriak emandako punk talde onena da, betirako markatu ninduena eta nik betirako markatu dudana. Gaitzek, hain justu, Karkaba gelditu zen unea islatzen du, punk talde baten soinua hori beharko luke izan, Gaitze punka baino ez baita; punk talde baten soinua Gaitzerena izan beharko litzateke”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button