IKUS-ENTZUN

Gaur hasiko da Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia

Ostiral honetan ZINEBI, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia hasiko da. Jaialdiak iraungo duen zortzi egunetan 47 herrialdetako 147 film (erdia baino gehiago emakumeek zuzendutakoak) erakutsiko dira, eta gustu guztietarako proiekzioak egongo dira, baita mota guztietako hitzaldiak, performanceak eta musika ere.

Atzo bertan, aurtengo edizioaren inaugurazioan ikusi, eta bertako sail ofizialean lehiatuko diren zazpi euskal film laburrak aurkeztu ziren. ZINEBIren gaurko inaugurazio gala 19:30ean izango da, Bilboko Arriaga Antzokian, eta bertan, Agnieszka Holland Europako Zinema Akademiako egungo presidenteaz gain, Iñigo Salaberria euskal bideoartistaren senideek jasoko dituzte edizio honetako lehen bi Ohorezko Mikeldi sariak.

Inaugurazio Galaren ondoren aipaturiko zazpi euskal film laburren proiekzioa izango da. Film labur horiek eta beren zuzendariak honakoak dira: Cristina Hergueta (Alas/Tierra); Maria Inês Gonçalves (The Bath (O banho)) Txupo Poyo (Gran Hotel Nazareno); Ainhoa Olaso eta Enara García (Hemen bizi da maitasuna); Josu Martínez (Hitzak); Paula Iglesias (Hondarrak); eta Karla Crnevi (Wild Flowers/Divlje Cvije?e). Zazpi film horiek Golem Alhóndiga zinemetako 5. aretoan proiektatuko dira berriro ere azaroaren 17an, eta Bilboko Zinemaldiko Sari Nagusia (7.000 euro), Euskal Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro), Espainiako Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro), fikzio, animazio eta dokumental kategorietako Mikeldi sariak (5.000 euro bakoitza) eta Publikoaren Saria-EITB (3.000 euro) irabazteko aukera izango dute.

Eta bihar ere, azaroak 12, 20:00eta, eta Bilborock aretoan, nabarmendu beharreko beste kontu bat izango da: Ez Bultza Egin! (Ebe) MawatreS eta Igor Rezolak zuzendutako proiektua, zinema, musika eta artea uztartzen dituena. Bilboko Zinema Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 64. ediziorako aurkezten duten proposamenak Mathieu Kassovitzek zuzendutako eta 1995ean estreinatutako La haine (Gorrotoa) film frantsesa du abiapuntu.
Modu horretan filma errebisatzeko, berrirakurtzeko, birpentsatzeko, berrinterpretatzeko eta modu kolektiboan honen inguruan lan egiteko ariketa bat proposatu nahi dute. Horretarako Dano (Ziontifik), Los Voluble, herra (ber 3), Maria Muriedas eta Iñaki Billelabeitia, Beñat Krolem, Sandra Perez, Miguel Espiga, Raúl Jiménez, Lide Billelabeitia, Xabier Achurra eta Adrián Romeroren partehartzearekin kontatuko da.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren xehetasun guztiak hemen kontsultatu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button