BESTELAKOAK

“Pasarteak-Fragmentos” mendi erakusketa ikusteko azken egunak

Aste honetan itxiko da Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak Benito Cantero mendizale-argazkilari bikainak egin duen argazki erakusketa. Bertan argazkigintza eta mendia uztarturik agertzen dira maisutasunez.

Egileak egindako bidaietan, ondo ezagutzen dituen natura-gunerik zirraragarrienak aurkezten ditu: Urbasa, Aizkorriko Mendilerroa, Bardea, Riglos, Yesa, Pirinioak, Dolomitak,…

Berak dioenez, “Pasarteak-Fragmentos tokiak dira, liluratzen nauten natura-guneak. Behin eta berriz itzultzen naiz toki horietara; bertako zokoek gordetzen duten edertasunak liluratu egiten nau, txunditu, sorgindu. Ez da erraza izaten argazki bat egiten ari garenean sentitzen duguna irudien bidez transmititzea; zaila da –eta batzuetan ia ezinezkoa– argazkiaren bidez azaltzea lainopean dagoen pagadiaren misterioa, elur-ekaitzak astintzen gaituenean izaten dugun hotza edo pareta batean zintzilikatuta gaudenean sentitzen dugun beldurra”.

Bere pasioa oso gazte deskubritu zuela dio, “oso gaztetan ohartu nintzen nire pasioa argazkigintza zela: 16 urte nituen, beste norbaitek utzitako argazki-kamera neraman lepoan zintzilikatuta eta Pirinioak nituen begien aurrean. Ordudanik ezin dut ulertu mendi-irteera bat, besterik ezean, kamera konpaktu xume bat eraman gabe”.

Erakusketa uztailaren 15era arte ikusi ahalko da, egoitzako Alberto Fdez. Ibarburu erakustaretoan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button