LITERATURA

Mendiari buruzko literatura, “Eztabaidak Literaturarekin” saioan

Mendiaz eta literaturaz, eta bien arteko harremanaz mintzatuko dira Ramon Olasagasti eta Juanra Madariaga idazleak, datorren asteko asteartean, azaroaren 10ean, Bidebarrieta Kulturgunean hilero egiten den Eztabaidak Literaturarekin izeneko ekimenean. Hitzordua euskaraz izango da, eta Jabi Baraiazarra Bilbao Mendi Film Festivaleko zuzendariak moderatuko du.

Mendiko literatura izango da elkarrizketaren ardatza, eta gaiari heltzeko mendiko literaturak historikoki geografia, esplorazioa eta bidaiekin oso lotura estua izan duela nabarmenduko dute hizlariek hainbat adibideren bidez. Beste aldetik, mendian bizi direnen literatura eta alpinisten literaturaren ezberdintasunaz mintzatuko dira. Unibertso anglosaxoi emankorrari helduz, gaur egungo mendiko literaturaren produkzioaz ere arituko dira, eta horien oinarri diren literatura mota horretako lehiaketak, eta ekimen horiek sustatzen dituzten festibalak ere agerraraziko dituzte. Hortik gurera etorriko dira, eta  gaur egun gehien tratatzen diren gaiak, eta nolakoa den (eta izan den) euskarazko ekoizpenaz ere jardungo dute. Bertan bilduko diren egileen lanen arrazoiez eta obra horiek sorturiko sentimenduez ere mintzatuko dira.

Horretaz arduratuko da, alde batetik, hainbat zortzi milako egin dituen Juanra Madariaga poeta eta euskal filologoa. 1988an Bizkaiko Foru Aldundiaren poesia saria irabazi zuen Imentzioaren pergamuak lanari esker. Harrezkero, beste hainbat liburu plazaratu ditu: Galera Errepikatuak ( Susa, 1992 ); Elaien Ausardia, Imajina Euskadi saria izan zena 1991ean ( In Neguko Antzarrak, Deustuko Unibertsitatea, 1993 ); Argia sortzen den izartegia ( Alberdania 1996,  Kritika Saria); Amodioa Batzuetan (2000, Euskaltzaindiako Felipe Arrese Beitia saria);  Física (Bassarai, 2001, gastelaniaz);  Izozmendiak (Susa, 2003). Eta 2009an Eroriaren logika (Susa) izeneko poema liburua publikatu zuen. Espainiako Kritika Saria eman zaio liburu horri. Bere azken lana Espedizioa.Mendi ororen pisua (Txalaparta) izenekoa izan da.

Ramon Olasagasti kazetaritzan aritu da hainbat urtez eta gaur egun, ogibidez, itzultzailea da. Sasoi batean, Euskaldunon Egunkarian mendiko gaien inguruko albisteak jorratu zituen, eta mendiari buruzko gehigarriaren arduraduna izan zen. Izan ere, mendizale amorratua ere bada. Gaur egun, itzulpengintzan aritzen da, eta Tolosan bizi da. Liburugintzan, Manuel Iradier, Afrikako arimaren esploratzailea (Elkar, 2009) biografia, eta mendiak eramandako 22 euskal mendizaleren bizitzak biltzen dituen Mendi minez (Elkar, 2007) lanak argitaratu ditu. Horretaz gainera, umeentzako ipuinak ere idatziak ditu.

Jabier Baraiazarra Bilboko Mendi Festival jaialdiko zuzendaria da. Euskal Filologia ikasi zuen eta Ikus-entzunezko komunikazioan espezializatu zen. Argazkilaria eta mendizalea ere bada (Karakorum, Madagascar, Andes, Patagonia, Antartida, Australia…), eta kameralari gisa aritu da hainbat dokumental eta film egiten; Eneko e Iker Pou anaien ondoan egindako 7 Paredes 7 Continentes izenekoa da adibiderik argiena. Lan horrengatik, hainbat sariren jabe ere bada. Argazkilari gisa, mendi-argitalpen askotan ikusi ahal dira bere lanak. 2008an Mendi Film Festival abiatu zuen, eta 2009tik Zinema, Literatura eta Mendi Jardunaldiak antolatzen ditu EHUko Letra Fakultatearekin batera, Gasteizen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button