ESZENA

“Euskarazetamol” antzezlanak irekiko du “Hurbiltasun Antzerkia”

Bihar, hilak 25, hasiko da Bilbon Hurbiltasun Antzerkia izeneko zikloa Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek antzezturiko Euskarazetamol antzezlanarekin. Emanaldi guztiak Arriaga Antzokian egingo dira, eta martxoaren 25era bitarte iraungo du.

Mikel Martinezek, halaber, Tartean Antzerki konpainiaren Larria kutsakorra mendebaldekoa (L-KM) obra antzeztuko du asteburuan, hilak 26an, 27an eta 28an. Ekoizpen berri honetan aktore bilbotarra hiru pertsonaiaren azaletan sartzen da.

Jokin Oregik zuzenduriko eta Pello Telleriarekin batera idatziriko antzezlana gaixotasunen inguruan ardazten da. Izan ere, hedabideek, azken boladan, hainbat gaixotasun iragarri dituzte modu apokaliptikoan, tartean, hegazti gripea, behi eroen sindromea edo A gripea. Horien aurrean herritarrok bizi dugun alarma eta paranoia egoera jorratzen du obrak. Gainera, beldur horretatik tiraka, badira etekinak ateratzen dituztenak. “Tragikomedia azido honek barre eragingo dio ikusleari, baina xamurtasuna eta emozioa piztuko dizkio eta gogoetarako arrazoiak ere emango dizkio”.

Zikloaren hurrengo hitzordua otsailaren 1etik 4ra izango da. Egun horietan Las Txirenitas konpainiak AMANDA TeVé obra taularatuko du. Loli Astoreka, Sol Maguna, Gemma Martinez, Yolanda Martinez, Vito Rogado eta Maribel Salas aktorrek interpretatutako obra umoretsua eta subertsiboa da.

Hurbiltasun Antzerkia zikloaren egitarau osoa Arriaga Antzokiaren webgunean jasotzen da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button