ARTEA

Ahoak duen garrantziaz

Rekalde Aretoak Cristina Garcia Rodero argazkilari ospetsuaren atzera begirako erakusketa aurkeztuko du: Con la boca abierta. Bertan hirurogei irudi baino gehiago biltzen dira, artistaren lan zabala osatzen duten hogeita hamar mila argazkietatik hautatuak izan direnak. Erakusketa maiatzaren 17ra arte bisitatu ahalko da Bilboko Rekalde Aretoan.

Lehen aldiz erakutsiko da Bilbon “egungo argazkilaritza garaikidearen funtsezko sortzaileetako bat” den Cristina Garcia Rodero artistaren lana eta bere berrogei urteko ibilbide profesionala biltzeko ahalegina izan nahi du erakusketak. Bere lanak “gizakiaren sentimenduak eta emozioak eta egoera askotarikotasuna adierazteko ahoak duen garrantzia islatzen du”. Era horretan,  gizakiaren gogo-aldarte ezberdinak errepasatzen ditu egileak, izan indibidualtasunekiko interesa eta jendearengana hurbiltzeko beharrizana nabariak dira.

Irudi dezentetan biltzen dira emozioak eta keinu bereziak, “jaiotzetiko lehen negarretik hasi eta heriotzagatiko kexuraino, irribarretik barreraino, minetik  plazereraino, harriduratik izuraino, sentsualitatezkoak eta sexualitatezkoak, inozentziatik probokazioraino, samurtasunetik indarkeriaraino, otoitz egitetik garrasi kolektiboraino”.

Cristina Garcia Rodero argazkilaria sari askoren jabe da: 1983an Argazkilaritzako Planeta Saria eman zioten eta 1988an argazkilari onenaren saria Madrilgo Foto Profesional aldizkariak. 1993an World Press Photo saria lortu zuen. Eta honakok ere bai: Bartzelonako FotoGramPrix saria (1997), La Caixa Fundazioaren FotoPres saria (1997), argazkigintzan Espainiako ibilbide profesional onenaren Madrilgo Bartolome Ros saria (2000)  PhotoEspaña-n, Kazetaritzako Argazkilaritzako Godó sariarekin batera (2000), Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina (2005), Laneko Merituaren Urrezko Domina (2014) eta PHotoEspaña  saria (2017).

Ohi den bezala, jarduera osagarriak (bisitak eta tailerrak) ere egingo dira erakusketarekin bat eginez.

Rekalde Aretoak ditu datu guztiak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button