BESTELAKOAK

Agosti Xahoren liburu biografikoan oinarritutako ikuskizuna, herriz herri

Berako Kultur Batzordeak antolatuta, maiatzaren 9an, bertako liburutegian, AztiHitza ikuskizunaren emanaldia izango da. AztiHitza, Agosti Xahoren liburu biografikoan oinarritutako ikusgarria da, eta bertan, Asisko Urmeneta bestelako artistekin inguratuko da.

AztiHitza palindromoa erabilita, Agosti Xahoren inguruko istorio berria eraiki du Asiskok. “Obra honetan elkarlana eta ikerlana izan dira oinarriak; elkarlana egon da jende askoren partea izan delako (Herrima kultura elkartea eta Atharratzeko Prefosta elkartea), eta ikerlan sakona, ezkutua eta isila egin duelako Asiskok”, esan zuen Xabier Monasterio Erroa argitaletxeko ordezkariak lan aurkeztu zen egunean.

Agosti Xaho zuberotar pentsalari, feminista eta ekintzailearen bizitzari buruzko liburu ikusgarria egin du Urmenetak, haren Bidaia Nafarroara liburua oinarritzat hartuta, bere irudia eta pentsamendua gaurko egunetara ekartzeko asmoz. “Ni Xahozalea naiz”, adierazi du marrazkilariak. Pertsonaiak Baionatik Lekunberrirainoko bidaia egin zuen 1835ean, eta horixe marrazturik agertzen da liburua zabalduko orduko.

Obran honakoa kontatzen da: Bizkaitar batzuek Atharratzeko trinketea erosi berri dute, eta herriko gazteen eskuetan utzi dute eurek kudea dezaten, baina betiere, baldintza zehatz batekin:  Agosti Xahoren figura goratzea eta gordetzea. Gazteek ez dakite nor zen Xaho, eta horrek bidea ematen dio autoreari, gure heroi nazionalaren biografiaren zertzelada garrantzikoenak azaltzeko, eta hala, hizkuntzalaritzan, politikan, kazetaritzan, kosmogonian… egin zituen ekarpen aitorrezinak agertuko zaizkio irakurleari.

Xahok 1835ean egindako ibilbidea du ardatz Asiskoren AztiHitza ikuskizunak ere. Lehendabiziko hitzordua aste honetako ostegunean da Beran (maiatzaren 9an), eta ondoren Goizuetan (17an), Uitzin (24an), Senpereko Oihanean (29an) eta Saran (31n) izango da egilea. Ekainaren 6an Leitzan, eta 14an Ezkurran ere AztiHitza ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ONARTU
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu