LITERATURA

Hedoi Etxartek “Sortaldekoak” poema liburua kaleratu du

Hedoi Etxarte idazleak Sortaldekoak (Susa) izeneko poema liburua argitaratu du.

Landak eta Marxen burua, makilak eta Iruñeko Gaztelu Plaza, ZIUa eta Louise Michel, 1998ko Gabonak Lisboan, Dragoien batailoia Intxortan. Liburutegiak konpartitzen dituztenak, greba orokorreko egunetatik ahots apurtuekin itzultzen direnak, depilatu gabe sexuaz gozatzen dutenak. Gerra Hotza eta Zizur Nagusia, Ford Escort Nomade gorri purpura eta Audi A4 zuria. Egunerokoaren detaileari erreparatzen dio Hedoi Etxarteren hirugarren poema liburuak.

Hedoi Etxarte biolinaren interpretazioan lizentziatu zen Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan eta Itzulpengintza eta Interpretazioan Euskal Herriko Unibertsitatean. Berria egunkarian idatzi eta Euskadi Irratiko Faktorian parte hartzen du. Katakrak liburudendan lan egiten du. Bereak dira: Suzko lilia (2008) eta Sinplistak (2012) poema liburuak, baita Ihes ederra eleberri grafikoa (2009, Alain Urrutiarekin batera) ere. Wagner auziaz (2014, Robert Wangermée, Catherine Clément, Slavoj Zizek eta Alain Badiouren testuen konpilazio eta itzulpena) saiakera argitaratu du.

MAITASUN POLITIKAK

Maitasuna da kontakizun bat
guztiari euts diezaiokeena,
atsegin ez duzun sexu harreman bati, adibidez.

Politika da harreman bati eusteko
ahal duzun sexurik onena
ematea bikotekideari, adibidez.

Askatasuna da nahi duzuna esatea
axola gabe horrek ondokoari
zer eragingo dion, adibidez.

Maitasunaren politika da
isiltzea eta albokoari ez esatea arrazoirik ez duela
nahiz eta ez duen, adibidez.

Maitasunaren politika da
maiteari adieraztea, inork adierazten ez diolako,
ez duela arrazoirik, adibidez.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button