IKUS-ENTZUN

Zinea, FASen eta Tabakaleran

Bilboko FAS zineklubak emanaldi bikoitza ondu du gaur, otsailak 25, El Carmen aretoan, 19:45ean: Alberto Vázquez zinegilearen Sangre de unicornio (2013) film laburra eta Malik Bendjelloul suediarrak zuzendutako Searching for Sugar Man film arrakastatsu eta saritua. Emanaldia Sangre de unicornio filmaren gidoilari Pedro Riverok aurkeztuko du.

Searching for Sugar Man filmak Dokumental Onenaren Oscar saria jaso zuen 2013an. Dokumentalak 60ko hamarkadako Detroit hiriko Rodriguez musikariaren istorioa jasotzen du, zeinak ez zuen inolako arrakastarik lortu, nahiz eta bi disko argitaratu. Hegoafrikan, ordea, mito bihurtu zen, hainbat arrazoi tarteko;  musikari estatubatuarrak, baina, ez zuen arrakasta horren berririk izan. FAS zineklubaren arabera, “pelikula hau, esperantza, inspirazioa eta musikaren boterearen ingurukoa da”.

Donostiako Tabakalerak, halaber, Matthew Porterfield zinegilearen I used to be darker filma emango dute gaur, otsailak 25, Antzoki Zaharrean, 20:00etan. Emanaldia Zine Independentearen Zirkutua programaren baitan dago.

Bill Callahan musikari estatubatuarraren kantu batetik abiatzen da Porterfield-en hirugarren lana: “I Used to Be Darker lanak Matt Porterfieldek izatearen egoera hauskorrak harrapatzeko duen gaitasuna agerian utzi du, horren adibidea da nerabe batek heldutasunera egiten duen jauzia edo bikote baten gainbehera. Errebelazio baten gisan agertzen zaizkigu begien aurrean, iluntasunetik argira eta, berriz ere, iluntasunera”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button