MUSIKA

“Afera handia” da, Audiencen disko berria

Gernikako Audience taldeak Big Affair izenburuko lana argitaratu dute Bidehuts plataformaren laguntzarekin. Gaur aurkeztu duten diskoak hamaika kantu biltzen ditu, zeinak John Agnello teknikariak grabatu eta nahastu dituen AEBetako Hoboken (New Jersey) hiriko Watermusic Waters estudioetan.

Gernikarrek estreinakoz egin dute lan ekoizle batekin, eta pozik agertu dira gaur emaitzarekin, baina baita prozesuarekin ere: “Ez diogu soilik emaitzari erreparatzen, prozesua ere garrantzitsua izan da; baina, nire ustez, play-ari eman eta berehala nabaritzen dela soinua handiagoa dela, Agnelloren esku-hartzeari esker”, azaldu du Gaizka Ensunza gitarra jotzaile eta abeslariak.

Diskoa AEBetan grabatzea “afera handia” izan dela nabarmendu du Gaizkak, diskoaren izenburua aipatuz, Big Affair. “Logistikoki eta ekonomikoki esfortzu handia  izan da, baina taldea hazteko, garatzen jarraitzeko, ezinbestekoak dira ideia eta esperientzia berriak, eta Agnellorekin grabatzeko aukera agertu zenean, aprobetxatzea erabaki genuen”, esan du Gaizkak.

Grabazioari dagokionez, apur bat “estresatuta eta kikilduta” iritsi ziren AEBetara zer aurkituko beldur, baina ailegatu bezain laster izu guztiak alboratu zituzten Agnelloren gertutasunari esker: “Grabaketa erlaxatua izan da, denbora asko aprobetxatu genuen, Agnellok lan egiteko oso modu intuitiboa dauka, eta oso pertsona aktiboa da, eta kantu batzuei falta zitzaien magia ateratzeko gai izan da”, nabarmendu du Hannot Mintegi gitarra jotzaileak.
Izan ere, liluratuta etorri dira estudioko profesionaltasunarekin eta baliabideekin. “AEBetako baliabideen ugaritasuna ikaragarria da, gitarrak, anplifikadoreak, bateriak…. Nahi genuena geneukan, eta teknikariek di-da ekarri eta muntatzen zuten”, azaldu du Ager Ensunzak.

Musikari dagokionez aurreko lan “zabalagoa” dela nabarmendu du Gaizkak: “Mistress Games aurreko EParekin harreman zuzena dauka, baina hau zabalagoa da, kantu gogorragoak daude, rock doinuak”.

Diskoa CDan dago eskuragarri, baina Durangoko Azokan LP formatuan ere erosi ahalko da Bidehuts plataformaren postuan.

Gernikarrek oraingoan, bi kantu egin dituzte euskaraz, Ez da txatxetan eta Burdintzen. “Gero eta euskara gehiago erabiltzen dugu gure sormen-prozesuan, eta ez bakarrik gureak diren kantu eta diskoetan, bai eta bestelako kolaborazioetan ere…”, azpimarratu du Gaizkak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button