LITERATURA

Erein argitaletxeak lau liburu berri aurkeztuko ditu

Lau liburu berri aurkeztuko ditu Erein argitaletxeak hurrengo bi asteetan: Poesia, nobela, saiakera eta nobela beltza; hiru euskaraz eta bakarra gaztelaniaz.

Hala, apirilaren 3an, Felipe Juaristik Piztutako Etxea izenburuko poesia-lana aurkeztuko du. Autorearen hitzetan: “Piztutako etxea nire lanik sakonena da. Gogoeta egiten dut, esperantzaz, izuaz, desiraz, maitasunaz eta pasioaz, besteak beste. Abiapuntua da bizitzak bere arauak dauzkala eta, seguru asko, ez ditugula sekula santan guztiak ezagutuko, bizi garen bitartean bizitzaz ez beste ezertaz arduratzen garelako”.

Apirilaren 10ean, halaber, Pello Salaburuk Errateko nituenak Cuzcoko kronika liburuaren berri emango du; 2012an, Cuzcora eginiko lan-bidaia bat baliatu Salaburuk liburua idazteko: “Nola bakarrik ibiltzen nintzen maiz kara hango karriken artean, Cuzcora egin nuen bidaiaren artekek hainbertze oroitzapen ekarri zizkidaten gogora, nire bizitza lanbrotuan zehar zinez edo ustez gertatuak, eta horiek guziak mantso-mantso paper mutur batean paratzen hasi nintzen”. Bidaia-kronika horretan, oroitzapen asko bildu ditu idazleak.

Juan Kruz Igerabidek aurkeztuko du Ereinen hirugarren argitalpen berria, Zangotraba nobela beltza. Nobelako protagonistak bizitza bikoitza dauka: batetik, aduanetako langile Joxe da; bestetik, detektibe Juan Fernandez, maitasun-kontuetan espezializatua. Argitaletxearen arabera, “Azken batean, “inpostore” baten aurrean gaude: lagunen lagun bai, baina lagun desleiala. Ez da faltako poliziarekin elkar-hartze ilunik eta ETAren aurkako gerra zikinaren zipristinik. Ezta saldukeriarik ere, zangotrabarik adiskide minenak azpiratzeko”.

Hiru lan horiek Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan aurkeztuko dira. Paco Gómez Escribanok gaztelaniaz idatzitako Yonqui, berriz, Madrilen, apirilaren 11n. Nobelak El Botas gaztearen bizitza latza kontatzen du, 70eko hamarkadako amaieran, Madrilen: aita alkoholismoak jota hil zitzaion; anaia, berriz, C hepatitisak eraman zuen, xiringak partekatzeagatik; arrebak Ibizara alde egin zuen, hippy komuna batera…

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button