ESZENA

Absurdoaren antzerkia eta estetika postmodernoa

Azkuna Zentroak Kanpai taldearen Sayonara Baby ikuskizuna hartuko du gaur berton. Pieza hau zentroaren Auditoriumean ikusgai egongo da, arratsaldeko 19:30ean hasita.

“Gauez, galduta, leku hartan bukatu nuen. Uste dut txori urdin bat zegoela, siamdar batzuk eta itsu bat. Jotzen hasi nintzen. Nire bizitza ez zen berdina izan harrezkero. Kresala usaina, argi ahula, eta kolore bizia begiradan. Sayorana Baby”.

Sayonara Baby asiar jatetxean dauden hainbat pertsonaia aldakor eta askotarikoren jardunean oinarritzen da. Eurek jokaera absurdo eta deliranteak sortzen dituzte, eta badirudi ezerk ez duela zentzurik, itxuraz, baina denak jarraitzen du bere bidea.
“Koreografiari nahiz dramaturgiari dagokienez, absurdoaren antzerkia dugu inspirazio-iturri, baita estetika postmodernoa eta intentsitate biziko hizkuntza darabilten zinemako erreferentziak ere”, diote Kanpai taldeko kideek. Eta gizaki horiek, “beren indargune nahiz ahuleziekin zeharo liluratzen, limurtzen eta hunkitzen gaituzten pertsonaiak dira”.

Kanpai taldea osatzen duten Natalia de Miguelek eta Jorge Jauregui Alluek honakoa ere adierazi dute: “Ikusleari gonbita egiten diogu bere unibertso txikietan murgil dadin. Pertsonaiek laguntza, konplizeak, isil-mandatariak behar baitituzte. Beren bilaketa-prozesuan galduta dabiltzan bitartean, iheskortasunarekin etsitzen dute. Fisikoki eta antzezpenaren bidez adierazi nahi dugu pertsonaiek nolako ezintasuna duten beren bizitzak behar bezala kudeatzeko, haiengandik espero den moduan jarduteko”.

Kanpai taldeak Espainiako, Frantziako eta Alemaniako hainbat antzoki eta jaialditan aurkeztu ditu bere lanak. Mugimenduaren bidez ideiak, sentsazioak eta sentimenduak komunikatzea eta publikoarekin lotura emozionala sortzea dira bere helburuak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button