IKUS-ENTZUN

Doako zine saioak “Zine Zorrotza” programan, Bilbon

Zorrotzako Udaltegiak doako zine saioak jasoko ditu maiatzean eta ekainean. Programaturiko zikloan ZINEBIn eta FANTen parte hartu duten hainbat film labur eskainiko dira.

Zine Zorrotza programa, ostegun honetan inauguratuko da, ZINEBItik igaro diren umorezko film labur sorta batekin. Lehenengo saio honen ostean, maiatzaren 17an eta 24an, generoa aldatu egingo da, eta FANTen azken edizioan parte hartu duten film labur onenak eskainiko dira.

Maiatzaren 10ean, saio berezia programatu da eta Bilboko Cancer Moon rock taldearen inguruko filma pantailaratuko da: Atrapados por la serpiente (2017). Bilbon sortu zen taldearen inguruko istorioa kontatzen da bertan. Alvaro Fierrok eta Ibon Ibarluceak zuzendu dute filma. “Taldearen soinua entzun eta ez zenuke esango Bilbokoak zirenik; Detroit edo New Yorkekoak ematen zuten…”. Cancer Moon nortasun handiko bi musikariren proiektua izan zen, Jon Zamarripa gitarra-jotzailea eta Josetxo Anitua abeslaria. Rock klasikoetatik tiraka, Bowie, Reed edo Iggy Pop, sasoiko musika garaikidea gainditzen zuen jario elektrikoa sortzen zuten. Hala, 1980ko hamarkadan loratu zen Euskal Rock Erradikaletik oso urrun zeunden, baina era berean, 1990eko hamarkada hasieran eztanda egingo zuen estatuko rock independentean ez zuten tokirik izan. Horren guztiaren ondorioz, undergroundean mugitu ziren, sugeak zingiretan nola, -Cancer Moonen lehenengo diskotik hartzen du izenburua dokumentalak, Hunted by snake-. Dokumentalean artxiboko makina bat irudi agertzen dira, hainbat telebista katetakoak, zuzenean edo play-backean grabatuak. Irudiok taldetik gertu egon ziren pertsonen testigantzekin tartekatzen dira: senideak, taldekide ohiak, lagunak, kazetariak… Azpimarratzekoa da oso, Xabier Arakistain arte-komisarioak eta Anituaren lagun minak egiten duen ekarpen hunkigarria. Anituak filmaren ardatz nagusi bihurtzen da minutuek aurrera egin ahala, izan ere, Zamarripak baino ibilbide luzeagoa egin zuen, eta bere itzala oso luzea da, batez ere agertokian izaten zuen metamorfosiagatik, tipo oso lotsatia baitzen.
Cancer Moonen ezaugarriak talde gutxik erakutsi dituzte, bi pertsonen arteko sinbiosi musikal perfektua izan baitzen, bere txikitasunean.

Horrez gain, programazioak lekua gorde du umeentzat, eta bi film luze eskainiko dira: Tarzan, ekainaren 5ean, eta Ballerina, ekainaren 7an, biak ere arratsaldeko 18:00etatik aurrera.

Saio guztiak Zorrotzako udaltegian izango dira, eta sarrera librea izango da, aretoko leku guztiak bete arte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button