Nontzeberri

Abiatu da “OarsoMusika” kontzertuen denboraldi berria

Gaur bertan, urriaren 4an, gaueko 22:00etan, Occhi di Farfalla  eta Unidad Alavesa taldeak ariko dira zuzenean Oreretako Niessen Kulturgunean, OarsoMusika musika elkartearen eskutik.

Occhi di Farfalla 2013an bikote bezala hasi zen baina egun lau dira taldean. Rock musika estiloan, norabide ezberdinak esperimentzen ditu zarauztar taldeak. Egun Destino Epikoak diskoa aurkezten ari dira zuzeneko emanaldietan, argitaratu berri duten iraupen luzeko bigarren lana.

Unidad Alavesa, aldiz, 2016an Ataunen jaiotako folk-rock talde bat da eta ibilbide luzeko musikariak batzen dira taldean:  Nabosin Origen baterian, Cantaro Garrafan gitarra eta ahotsa, Bartolo Pichin gitarra, Papas Aja baxua, eta  San Pete trikia ,saxoa eta gitarra.  Abentura berri batean murgildu dira Martin Martin diskoa besapean hartuta.

OarsoMusika lan talde bat da, Oarsoaldean musikaren arloa dinamizatu eta sustatzeko sortu dena. Azken urteotan musika eta orokorki kulturan aurkitutako hutsunea betetzeko asmoz sortu da. Elkarezagutza, elkarlana eta dinamizazioa dira elkartearen ardatzak. Hala, bertan biltzen diren musika talde, banako eta kolektiboek osatzen dute elkartea. Haien esanetan, “mundu guztiari irekia da gure elkartea, are gehiago, haiek gabe OarsoMusika ez da ezer”. Eskuartean martxan dituzten beste jarduera batzuk dira  zonalde horretako herrietara bertoko taldeak eraman eta bultzada ematea, horretarako herriotan jaialdiak, kontzertuak… antolatuz. “Egun Oreretako Niessen aretoan ari gara kontzertuak programatzen baina gure asmoa kontzertuak jasoko dituzten lekuen eta aretoen zirkuitua osatzea da”, azaldu dute elkarteko kideek.

Kontzertuaren informazioa eta OarsoMusika elkartearen programazioa jarraitzeko sartu hementxe.

Exit mobile version