Nontzeberri

Abiatu da “BAD”, Bilbao Antzerkia eta Dantza jaialdia

Estatuko eta Europako dantza eta sorkuntza garaikidearen erreferentea bilakatuko da gaurtik aurrera Bilbo, bertan abiarazi baita goizetik BAD, Bilbao Antzerkia Dantza jaialdia. Bilboko La Bolsan goiz partean zabalduko ditu ateak jaialdiak topaketa profesional batekin, eta La Fundicion aretoan jarraituko du arratsaldez egitarauak.

Hala, 10:00etatik eguerdira artean, dantzarako argiztapena xede duen topaketa profesionalak eman dio hasiera aurtengo jaialdiari. Lola Barraso madrildarra izango da horren arduraduna, argiztapenen eszenikoaren diseinatzailea eta Furiosa Escandinavia  obran egindako jarduera horregatik 2018an, argiztapen-diseinurik onenaren MAX saria irabazi zuena. Argiztapenak obra eszenikoaren parte direla baieztatzeko, Jean Rosenthal-en zita erabiltzen du Barrosok: “Dantzariak argitan bizi dira arrainak uretan bezala”. Honekin, dantza-ikuskizun batean argiztatzen jarduten dabilen taldea, obraren beste atal garrantzitsu bat dela azpimarratzera dator. “Funtsean, dantzarien mugimendua, musikaren bidez iradoki eta adierazten dena, eta dantza-ikuskizun irudi-segida bat denez, argiztapenak modelatu eta determinatuko du zer moldez hauteman beharko den artistaren, espazioaren eta mugimenduaren irudi hori”, gaineratu du. Hala, argiztapenaren inportantzia azpimarratu eta sakonduko da eguerdiko 14:00ak arte, Zazpikaletako La Bolsan izango den topaketa profesionaletan.

Arratsaldean aldiz, Legaleon-T/Kolektibo Monstrenko bertoko taldearen azken ekoizpenaren estreinaldiarekin dator egitaraua, gure baitan bizi denaz diharduen ¿Hay alguien ahí?  obrarekin, hain zuzen. Bertan, igarotzen dugun denbora edota gure gainean hegan dabiltzan galderez jardungo dira artistak, “hitzen eta ekintzaren higaduraz; aukera bilatzeaz eta galdutako energiaz”. Hartara, barneko bidaia bat proposatzen du obrak, “gizatasunaren maketa bat”, gaineratu dute sortzaileek. La Fundicion aretoan izango da hitzordua, gaur urriaren 17an, ostegunez, eta bi emanaldi eskainiko dituzte gainera, 19:00etan eta 21:30etan.

Aurtengo egitarauan,BAD jaialdian izango diren 21 konpainietatik ia erdia, euskal konpainiak izango dira eta horietako bat dugu Legaleon-T/Kolektibo Monstrenko konpainia, Esther Lopez eta Oscar Gomez Mata artista ezagunek, Txubio Fernandez de Jauregirekin osatu dutena. Lehenengo artista bikoteak Irunen 1986 urtean sortu zuten Legaleón-T konpainia, eta geroztik, egiteko molde berriez ikerketan aritzen da, “emozioaren lurraldeetan miatzea, ikusleen begiradaz norberaren buruari galde egitea edota zentzumenetatik abiatuta, gogoeta bat sortzea”, euren ikerketa esparrurik gogokoenak dira.

Gasteizko Kolectivo Monstrenko, aldiz, era askotako artistek osatzen duten konpainia da, eta 2009an sortu zenetik, proiektu eszenikoetan ikusle eta antzezlearen artean sortzen den harremana lantzen dute, “beti umoretik, ikusleak ez daitezen izan inoiz izaki pasibo”, azpimarratu du kolektiboko Fernandez de Jauregik.

Gaurkoa ordea asteburuari begira programatutako ekimen eta emanaldien beroketa ariketa bat besterik ez da izango. Izan ere, bihartik eta asteburu osoan, egongo da zer ikusi eta gozatu.

Datozen egunotako egitaraua eta jaialdiaren informazio osoa duzue, hemen.

Exit mobile version